GARA > Idatzia > Kultura

Gune berriak sendotzea da Durango Azokaren helburu nagusienetako bat

Azokaren arduradunek «urrats berri bat egitea» espero dute iaz sortutako Kabi@, Irudienea eta Szenatokia guneak sendotuz. Guztira, hirurehun bat dira zazpi gunetan garatuko diren ekitaldiak. Bestalde, sarean ez ezik, «Azokaren espiritua» islatzen duen «Azoka TV» euskarazko tokiko telebista guztietan ere jasoko da seinalea Euskaltelen bitartez.

p045_f01_204x101.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Aurreko edizioan hasitako bidea sendotzea dute helburu Durangoko Azokaren arduradunek. Iaz sortutako hiru gune berriei-Irudienea, Kabi@ eta Szenatokia- arreta berezia eskainiko diete.

300 ekintzatik gora daude programatuta aurten, egitaraua diziplina eta ekimen ezberdinetara bideratutako zazpi gunetan banatuko delarik.

Durangoko kafe antzokian ekingo diote aurtengo egitarauari, Azoka bera hasi baino astebete lehenago, «Itzalen Sua» diziplina anitzeko ikuskizunarekin.

Aurkezpenean, Gerediaga elkarteko Nerea Mujika presidentearekin batera Aiert Goenaga Azokako zuzendariak azaldu zuen aurten inoizko egitaraurik zabalena osatu dutela eta horretarako gakoa elkarte eta talde ezberdinen arteko elkarlana izan dela. Aurten, lehen aldiz esku hartu dute koordinazio batzarrean Berbaro elkarteak, San Agustin Kultur Guneak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Ahotseneak, Topaguneak, Plateruena Kafe Antzokiak eta Goiena Komunikazio Taldeak.

Areto Nagusia

Areto Nagusiak hartuko ditu aurkezpenak. 46 izango dira (gehienak liburuenak), eta solasaldi eta hitzaldi nagusiak bertan egingo dira. Ordu erdikoak izango dira aurkezpenak. Sarrera hitzaldia ere bertan izango da. Areto Nagusia erakustazoka barruan egongo da, sarreraren aldean, Irudienea eta K@biarekin batera.

Saguganbara

Orain artean Haur Literatura Aretoa izan den honek transmisoa lantzea du ardura. Helduek eta txikiek parte har dezaten hainbat tailer egingo dituzte bertan (komikiak, jolasak, filmak, gaurko eta atzoko ipuinak, eta abar). Aurtengo Azokak hiru espazio bereizi izango ditu Elkartegia eraikinean (Landako gunean).

Ahotsenea

Gotzon Barandiaranen esanetan, gune honek «Euskal Herrian sorkuntza krisian ez» dagoela nabarmenduko du. Egoera ekonomikoa larria bada ere, «hainbat eta hainbat» nobedade pasako dira handik.

Irudienea

Sortzaileak eta zaleak uztartzeko asmoa duen gune honetan euskarri askotako ikus-entzunezkoak (filmak, bideoak edota klipak) izango dira ikusgai.

Plateruena

Durangoko Azokaren irekiera ez ofiziala hartuko du azaroan 30ean, ostirala. Bertan hasiko dira kontzertuak. Azokaren beraren bizitza luzatzera etorriko da, hortaz, aurten Plateruena, eta Azokaren egun ofizialetan ere eguerdi eta gauero puntako emanaldiekin gozatzeko aukera egongo da. Plateruena Azokaren gune ofizialetako bat izango da aurrerantzean.

K@bia

Azokaren zuzendari Aiert Goenagak hauxe «euskara euskarri askotan dagoela erakusteko gunea» dela esan zuen. Teknologiak, sorkuntzak, kulturak eta edukien kontsumoko joera berriek erakustokia eta hausnar egiteko lekua dute K@bian, teknologia berriei eskainitako gunean, euskara ardatz. Euskal gizarteak teknologia berrietan jarduera handia du eta puntako proiektuak aurkeztuko dira aurten ere. Tartean transmedia proiektu baten aurkezpena egingo da eta aurten ere euskarazko Wikipedia maratoiak bere lekua izango du, hitzaldi eta solasaldi espezializatuekin batera.

Szenatokia

Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Josu Camarari egokitu zitzaion gune hau aurkeztea. bere ustez, Azoka osoa nolabaiteko laborategia da eta bertan hiru elementu kimiko nahasten dira: Jendea, antzokia eta antzezlea. Hamabi taldek «euren lanen lagin bat» antzeztuko dutela esan zuen Camarak, San Agustin aretoak antzezlan profesionalak hartuko dituela gogora ekarriz.

Azoka TV

Durangoko Azokaren espiritua islatzen duen hau Interneten ez ezik (bi kanal emitituko dira, Durangokoazoka.com webgunean jarrai daitezkeenak), euskarazko tokiko telebista guztietan ere jasoko da seinalea Euskaltelen bitartez.

ELKARLANA

Aurten lehen aldiz esku hartu dute koordinazio batzarrean Berbaro elkarteak, San Agustin Kultur Guneak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak, Ahotseneak, Topaguneak, Plateruena Kafe Antzokiak eta Goiena Komunikazio Taldeak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo