Mikel Zubimendi | Kazetaria
Txina: zentzua eman, zentzua jaso
Oso koreografiatua izan den antzerkian, Txinak lehendakaria hautatu berri du. Interesez jarraitu ditut hango Alderdi Komunistaren batzarraren inguruko berri eta analisiak. Zeinek esango dozena eskas sortzailek txalupa batean sortu zuten alderdiak, «txinparta batek larrea kiskal dezake» lelopean sortua ere, boterea eskuratu eta mundua hola aldatuko zuenik! Beldurgarria da batzar horien erabaki batek zenbaterainoko eragina duen. «Aberastea sekulakoa da!» erabaki zuten behinola, eta pertsonen historiako mirari ekonomiko handienetakoa lortu zuten.
Estatu-zibilizazio liluragarria da Txina. Nahiz eta beldurra ere ematen duen. Sexurako afrodisiakoak maite dituztela... ba akabo munduko errinozeronteak! Kristau egitea erabakitzen dutela... ba hartu ur-mangera eta mangerazoka denak jaunartuak! Halakoak dira. Lehenbizi erraza egin eta gero zaila egin behar dela ongi ikasiak.
Gure ikastoletan mandarina irakasten hasi behar da, filosofia klasetan Sokrates bezainbeste Konfuzio lantzen, Mendebaldeko «bik bat egiten dute» bezala -tesiak eta antitesiak sintesia egiten dute-, txinatarren «bat bitan banatzen da» jorratzen, eta, are, euskal politikan hango zenbait irakaspenei lekua eman.
Bada jakinduria txinatarrean biziki maite dudan perla bat, euskaldunok lagundu eta ohartzera datorrena. Gosea zen nagusi Txinan orduan, gizonak eguzki kiskaltzailearen pean balantzaka ibiltzen ziren, barrabilak oliba hezur idortuak bailiran zintzilika zituztela, noizbait gizon izan zirela gogorarazteko txiste siniestro bat idaztearren. Baina umiliatuak, munduko potentzien menpeko... zirela, beti gogoratzen zuten arbasoengandik jasotako marabilla egoera penagarri horiei aurre egiteko: «Basorik beldurgarri eta ilunenean ezin zara erdia baino harago barneratu, jadanik ateratzen ariko zinatekeelako».
Ez dago konparaziorik egiterik, jakina. Baina egoera latz eta etsigarriei aurre egiteko, eta Euskal Herrian horietatik pila bat badugu, ikuspuntu baliagarria da. Lagun txinatarrak esan zidan legez, hankekin ibiliz, harriak sentituz, zeruari trufa eginez zeharkatu behar da ibaia, egin behar da aurrerabidea.