Arantza Santesteban | Historialaria
...etengabeko metamorfosian...
Prozesu metamorfosikoak dira niretzat interesgarrienak. Zailenak izan litezke, baina ezinbestekoenak ere badira
Kuriosoa da. Postmodernitatean gaudela esaten den arren eta egitura sozial zein ideologiko guztiak zalantzan daudela esaten bada ere, oraindik ere gauzak izendatzeko erabiltzen ditugun hitzek greziarren hizkuntzan dute oinarria. Lepis eta pteros hitz greziarren elkarketak, lepiptero terminoa ekarri du gurera. Hain zuzen ere, horixe da tximeletaren izen zientifikoa.
Aspalditik darabilkit buruan ustez oso zientifikoa ez den burutazio bat: ingurura begiratu eta jadanik ez dut ikusten txikitan ikusten nuen adina tximeleta. Memoriaren bideetara jo dut, azkenekoz hauetako bat ikusi nuenera, eta kostata lortu dut momentua oroitzea. Larridura sentitu dut orduan eta penatuta baieztatu dut txikitan guregana hegaz iristen ziren mila koloretako intsektu horiek ez gaituztela jadanik hainbestetan bisitatzen. Galbidean da airea eta ingurunea edertzen zuen tximeletaren presentzia: postmodernitatearen haize bufadetan guztia desegingo balitz bezala, guztia desagetuz joango balitz bezala, Bauman-en likidotasunean guztia urtuko balitz bezala.
Arduratuta-edo, ohikoa dudan legez, sareari eman diot nire jakin-mina asetzeko betebeharra. «Googleatu» dut honakoa -hemendik gutxira grekeratik ez datorren hitz berria izango da `googleatu' aditza- eta orduan konturatu naiz horren zientifikoa ez zen nire ustea nahikoa teorizatua dagoela. Adituek diotenez, azken urteetan tximeleta kopurua asko murriztu da. Ingurune naturala eraldatu eta suntsitu izanaren ondorio omen litzateke horretarako arrazoi nagusia. Poluzioa, kutsadura, karbono monoxidoa. Kapitalismoak sorturiko eritasunak, alegia.
Pentsamendu hegalariokin iritsi naiz egunotan entzun eta ikusi ahal izan ditugun tximeleten metamorfosiaren inguruko proposamen interesgarrietara. Eta neukan larritasuna sosegatu duen esaldia entzut dut orduan: «Tximeletak ez du sekula beldarra izan zenik ahazten». Egia da eta ez dago ukatzerik: denboraren igarotzeak ingurua eta pertsonak aldatzen ditu. Eta hartara, nondik gatozen oroitzean egongo litzateke etorkizun likido honen bideetan sendotasunez abiatu ahal izateko gakoa. Esentzialis- moetan erori gabe, aldaketa, fenomeno saihetsezina dela onartuz eta, esan gabe doa, garai bateko lorietan laketu gabe. Izan ere, aurrera egiteko modua ez baitago aurretik zegoenari gorazarre egitean; ez eta orain dagoena lehenagokoa bezain ona ez dela iriztean ere. Hori da, nire ustez, etorkizunari begiratzeko izan daitekeen modurik tragikoena. Tximeleta ez bailitzateke existituko beldarra izan nahian tematu izan balitz.
Horregatik guztiarengatik, prozesu metamorfosikoak dira niretzat interesgarrienak. Zailenak izan litezke, baina badira ezinbestekoenak ere. Memoriak, norabidea ez galtzen laguntzen digu eta honekin batera, ausardia dosi handiak beharrezkoak dira aldaketei beldurra galtzeko. Greziar garaietatik omen gatoz eta postmodernitatearen ateetaraino iritsi omen gara; hemendik aurrera... beldarrak izan ginela ahazten ez dugun bitartean, edonora!