Euskaraz ikasi eta lan egiterik ez dutenei ahotsa eman die Kontseiluak
Datorren abenduaren 1ean Donostian ospatuko den euskararen aldeko manifestazioa prestatzen jarraitzen du Kontseiluak. Atzo, arlo sozioekonomikoan eta bereziki administrazioan euskaraz normaltasunez aritzerik ez dutenei ahotsa eman zien Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak.
GARA |
«Euskaraz bizi nahi dut» lelopean abenduaren 1ean egingo den manifestazioa prestatzen jarraitzen du Kontseiluak. Azken aste hauetan, gizartearen alor ezberdinetako kideen agerraldiak egin dituzte euskaraz bizi eta aritzeko arazo komunak dituzten herritarrekin. Atzo, berriz, arlo sozioekonomikokoan euskaraz aritzeko dauden arazoak jorratu zituzten. Arazo horiek irudikatzeko, Nekane Mitxelena Lanbide Heziketako ikaslearen bideoa ikusi ahal izan zuten gerturatutakoek. Bideoan, euskara hutsez ikasteko arazoak jasotzen dira, Mitxelena berak lehen pertsonan azaltzen duelarik bere egoera.
«Zoritxarrez, gutako askok gure burua identifikatua sentitu dugu Nekaneren bideoarekin», azaldu zuen agerraldian Saioa Rodriguez Kontseiluko komunikazio buruak. «Izan ere, horrelako egoerak ohikoak dira Euskal Herrian: gutxiagotua izatea, arraro sentitzea... Euskaldunak sufritu behar izaten dituen ohiko egoerak dira», gaineratu zuen Rodriguezek.
Agerraldian egondakoek azaldu bezalaxe, euskaraz ez aritzeak «sekulako ezinegona suposatzen du». Izan ere, arlo praktikoan euskara erabiltzerik ez izateaz gain, «gure duintasuna eta nortasuna zapalduta ikusten ditugu, horrek sorrarazten dituen sentimendu guztiekin».
Esperantza galdu barik
Egoera gaitza den arren, Kontseiluak eta atzo bere lekukotasuna eman zuten herritarrek ez dute esperantza galtzen: «Gero eta gehiago dira determinazioa erakutsiz aurrera egin eta oztopoan gainetik euskara defendatzea erabakitzen dutenak».
Kontseiluak sentsazio on horiek datuen bidez berretsi zituen. Erakundeak adierazi zuenez, «euskara planen mapa eta Bai Euskarari Ziurtagirien ebaluazioa aztertuta, egoera zailenean dauden enpresa askok ere beren burua euskalduntzeko ahaleginari eutsi diotela esan daiteke». Eta ez bakarrik ibilbide luzeko enpresak; «urtez urte ikusten dugu agertzen doazen enpresa berriak gehitzen joan direla bide horretan».
Halere, Kontseiluan ez dira geldi geratzeko prest. Euskaltzaleen esanetan, «egungo bidetik ezin zaie herritarren nahiei epe onargarri batean erantzun eta ez dago hizkuntza eskubideak bermatzerik». Saioa Rodriguezek gaineratu zuenez, «bide horretan, eta, euskaldun guztion eskubideak defendatzeko, datorren abenduaren 1ean Donostian egingo den manifestazioan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu».
Kontseiluak adierazi duenez, gero eta enpresa gehiagok lortzen dute Bai Euskarari ziurtagiria, tartean baita sortu berriek ere. Halere, egungo datuak «ez dira aski».