GARA > Idatzia > Euskal Herria

Vallsek auzitara eraman du Sarrikotapeko auzapeza Jendarmeria «iraintzeagatik»

Barne ministroak salaketa ezarri du Laurent Etcheberry Sarrikotapeko auzapezaren kontra jendarmeak naziekin konparatu izanagatik. Hondakindegiaren kontrako ekintza baten harira egin zituen hitz horiek.

p021_f02.jpg

GARA | BAIONA

Manuel Vallsek zuzentzen duen Barne ministerioak auzitara eraman du Sarrikotapeko auzapez Lauren Etcheberry Jendarmeria iraindu duela egotzita. Salaketaren jatorrian joan den abuztuaren 7an herri zuberotarreko buruak publikoki egindako adierazpenak daude. Izan ere, egun hartan «duela 70 urte Waffen SSk herriko hiru etxe erre zitueneko jarrera bera» izatea leporatu zien jendarmeei.

Bil ta Garbi Ipar Euskal Herriko etxe-hondakinak kudeatzen dituen erakundeak Sarrikotapean hondakindegia eraikitzeko duen proiektuaren kontra da Etchberry. Lurrak prestatzeko lanak abiatzera zihoazela-eta, Terre Verte elkarteko hainbat kidek eta Sarrikotapeko herritarrek hezi bat osatu zuten obren hasiera ekiditeko.

Egun batzuk igaro ostean, Jendarmeriak lagundurik hainbat kamioi sartu ziren Mendixka guneko zoroan. Orduan izan zituzten gorabeherak jendarmeekin, eta horren harira egin zituen auzapezak aipatutako adierazpenak.

Bil ta Garbirekin gatazkan

Badira urteak hondakindegia eta konpostatze planta eraikitzeko proiektuarengatik gatazkan dabiltzala Bil ta Garbi eta aipatu elkartea. Epaitegietan ere hamaika helegite eta prozedura administratibo ireki dituzte.

Hain zuzen ere, Etcheberryk orain leporatzen zaizkion hitzei nolabaiteko ñabardurak egin zizkion hurrengo egunetan prentsan, jendarmeen lana «eredugarri eta profesionala» izan ohi dela eta bere hitzak, batez ere, Bil ta Garbiren aurka zuzentzen zirela, proiektua «indarrean» inposatu nahi izateagatik.

Naziekin egindako konparaketa horiek ere biziki haserretu zituzten Bil ta Garbiko arduradunak. Haatik, elkarteko lehendakari Alain Iriartek prentsaurreko batean nabarmendu zuen ez zuela Etcheberryren kontra joko, «adierazpen horiek egiten dituenak bera burua agerian uzten baitu jada».

Alta, Barne ministroak ez du amore eman eta auzitara eraman nahi du auzapeza. Salaketaren ondorioz, Paueko Fiskaltzat aurreikerketa ireki du.

Bil ta Garbiren arrapostua Hazketako lur kutsatuen aferan

Hazketa 2010 elkarteak herenegun pausatutako galdera ziztu bizian erantzun du Bil ta Garbik. Hazparneko zabortegira Marinadour proiektuko lur kutsatuak eraman izan direla-eta, elkarteak hainbat zehaztasun eskatu zizkion hondakinak kudeatzen dituen erakundeari.

Alain Iriart presidenteak, arautegiak kutsadura apaleko lurrak bertan uztea onartzen duela gogoratuta, dagokion informazio-fitxa erantsi du. Ekarritako lur guztiak ez zirela onartuak izan nabarmendu du, batzuek araututako mugak gainditzen zituztelako. Hala, gehienez ere 5.000 tona (3.000 metro kubo) bota zirela egiaztatu du. Hazketa 2010 elkarteak lur kutsatuagoak nora eraman dituzten eta nola tratatzen diren ere galdetu zion Bil ta Garbiri, baina informazio hori eskuratzeko Marinadourreko arduradunengana jotzea gomendatu die Iriartek.

Azken urteotan gorabehera asko, horien artean hiru sute, izan dira Hazparneko hondakindegian, auzotarren haserrea piztu dutenak. Kudeaketa azpikontratan emana dio Bil ta Garbik enpresa bati, baina herritarrek azken ardura berea dela diote eta dagokion erantzukizunak har ditzan eskatu diote behin eta berriz. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo