GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Su-etena Gazan: sarraskian parentesia ireki baina Israelen inpunitateari ez dio azken puntua jarri

Israelek Gazan egin duen sarraskiari behin-behineko amaiera eman zaio, atzo Kairon iragarri zen su-etenarekin. Negoziatu den bitartean sarraskia bere horretan mantendu da, eta iraganean iragarritako beste hainbat su-etenetan gertatu legez, etorkizun hurbilean berriz hausteko aukera handiak daude. Nahitaezkoa zen su-etena eta agurtzekoa da, baina palestinarren garbiketa etnikoari akabera eman eta beren herriaren onarpena eta bideragarritasuna eskainiko duen errotikako soluziorik ezean, gaur «gerra hotzaren» fasera pasa dena bihar «gori-gori lehertu den gerra» berria bilaka daiteke.

Gazako sarraskian ez du bereizketarik egin Israelek; zibil eta gudulari, eme edo ar, gazte ala zahar, Gaza osoa izan da «helburu zilegia», neurriz kanpoko indar erabilera indiskriminatuaren jomuga. «Hamasen barne komunikazioetarako azpiegitura» zirelakoan, kazetariak hil dituzte. «Azpiegitura logistikoen» aitzakiapean etxebizitzak birrindu, familia osoak lurperatu dituzte. Basakeriak ez du mugarik izan, ez ditu lekukoak onartu, ez dio nazioarteko legediari men egiten. Su-etenak parentesi bat ireki du, baina Israelen inpunitateari ez dio azken punturik jarri. Hori ere nahitaezkoa da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo