GARA > Idatzia > Euskal Herria

Zeintzia | MIkel SUSPERREGI (mikel@carbonica.org)

Hiriburuetako trafiko pilaketak

 

Munduan zeharreko hiri nagusietan arazo kroniko bihurtu dira trafiko pilaketak azken hamarkadotan. Hala, zailtasun ugari izaten dituzte pilaketak arintzen saiatzen diren hiri nagusi gehienek, batez ere hiriguneetan, eta, eguneko ordu kritiko batzuetan, baita periferiako errepideetan ere.

Hilabete honetan proposamen berri bat aurkeztu du Parisko Udalak abiadura murriztuko eremuak sortzeko, auto metaketak arintzeko eta kutsadura gutxitzeko. «Zone 30» izeneko eremuetan gehienezko abiadura 30 km/h-koa izango da. Izan ere, autoaren abiadurak gorantz egitearekin batera gasolina gehiago kontsumitzen denez, batez besteko abiadurak eta CO2 isuriek lotura zuzena dute. Kutsadura gutxitzea izango da, beraz, «Zone 30» eremuen xede nagusia. Dena dela, eragin hori mugatua izango da, kutsadura aldetik murrizketa nabarmenak lortzeko trafikoa bera gutxitu behar delako, ez bakarrik abiadura.

Auto pilaketari dagokionez, aldiz, abiadura murrizketak ez du egoera batere hobetuko. Auto pilaketa gutxitzeko, baita ibilgailuek eragiten duten kutsadura akustikoa ere, trafiko orokorra murriztu behar da, eta hori lortzea erronka titanikoa izan da betidanik.

Soinu kutsadura hiri askotan guztiz jasangaitza da. Europako hiri batzuetan, Napolin kasu, motozikleta zaratatsuak eta scooter ezagunak asko erabiltzen dituzte, eta horri klaxona gehiegi jotzeko ohitura txarra gehituta, bisitariarentzat trafikoaren soinua erabat jasangaitza bilakatzen da. Hirugarren Munduko hiriburuetan hori da, hain zuzen ere, guztiz ohiko egoera. Beraz, oinarrizko eginkizuna jokatzen dute ohiturek eta jokaera kulturalek.

Auto pilaketak murrizteko neurri arrakastatsuak jarri dituzte indarrean munduan zeharreko hainbat hiriburuk. Adibidez, Londres, Singapur eta Stockholmek beren hiriguneetan «pilaketa zonaldeak» dituzte, eta bertan sartzeko eguneko tarifak ordaindu beharra dago.

Londresen kasuan, 2003an jarri zuten martxan egunean 12 euroko tarifa ordaindu beharra hirigunearen erdialdean gidatzeko 07.00etatik 18.00etara. Zonalde horren barruan bizi diren biztanleek %95eko deskontua dute.

Neurriok berehalako inpaktua dute trafikoan, baina eragina konplexua da. Adibidez, Londresko kasuan trafiko behatzaileak ohartu ziren pilaketak areagotu egin zirela erdigunearen ertzeko inguruetan, jendea ibilbide berriak aurkitzen saiatzen baitzen tarifa ordaintzea ekiditeko. Mugatutako zonaldearen barruan, aldiz, trafikoa guztiz erraztu zen. Hori bai, komertzio askorentzat heriotzaren musua izan da neurria.

Parisko kasuan bitxiena azken hamarkadan autoaren erabilera %25 gutxitu dela da. Hori lortzeko, ezinbestekoak izan dira paristarren ohitura aldaketak: oinez ibiltzea edo garraio publikoa hartzea hautatzen dute egun alde batetik bestera mugitzeko.

Pozgarria da ikustea, beraz, trafikoak ez duela halabeharrez beti gorantz egiten hiriburu guztietan. Agian horretan ere krisiak izan du zerikusirik, izan ere, azken finean, autoa edukitzea ez da ez merkea, batez ere hiriburuetan. Era berean, herritarrek beren osasunean eta baita ingurugiroan ere gero eta gehiago pentsatzen dutela nabarmena da. Horrenbestez, gaur egun, oinez edo bizikletaz ibiltzea askoz ohikoagoa da duela hamar urte baino.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo