GARA > Idatzia > Kultura

Soubelet, Etxezaharreta eta Maia Urrozen liburuak kaleratu ditu Maiatz argitaletxeak

Durangoko azokaren karietara Maiatz argitaletxeak hiru liburu berri argitaratu ditu. Luzien Etxezaharreta argitaletxeko buru eta idazlearen «Begira» bigarren liburua dago horien artean.

p046_f02.jpg

A.B. | BAIONA

Euskaraz idatzitako hiru argitalpen berri eramango ditu Maiatz argitaletxeak Durangoko Azokara. Ohi den bezala, azokaren atariko egunetan argitaletxeak urteko uztaren berri ematen du. Atzo egin zuen liburuen aurkezpena, eta horien artean da Luzien Etxezaharreta Maiatz literatur elkartearen buruaren azken lana. Bere bigarren liburua da «Begira» izeneko idazlan berria, eta bertan «Maiatz» aldizkarian eta Hatsaren poesia argitalpenetan azaldutako laurogei testu biltzen ditu. «Zalantza askoren ondotik liburua kaleratzea erabaki dut. Hemen bildu testuak bide bazterretan ibili mirail batzuen gisara itzali nahi ez den argi zerbaiten umeak dira», azaldu zuen. Haur denborako mundua, familia, salaketak, jazarpenak eta oldarrak, baita heriotzaren aurkako borrokak ditu aipatzen idazleak testuetan. Halere, «esperantza badagoela erakutsi nahi» izan duela argitu zuen.

Istorio irringarriak

Xabier Soubelet margolari eta idazleak «Oroitzirriak 2» kaleratu du. Idazleak berrogei kontakizun biltzen ditu bertan. Duela bost urte argitaraturiko izen bereko lehen liburuari jarraipena ematen dio bigarren ale horrek, eta bertan idazleak gaztaroko istorio irringarriak, Donibane Lohizungo gertakari barregarri zein bitxiak azaltzen ditu. «Euskal literaturan irri gutxi agertzen da, beraz, irria agerrarazteko gogoa izan dut. Liburuan agertzen diren kontakizunak aipatzerakoan euskaltzale eta abertzale gisa bizitako «istorio arinak» direla azaldu zuen. Donibane Lohizunen Aurore Martinen alde egin den gose greba, edo duela zenbait urte ETAko kideek EGIkoen aurka egiten zituzten zango-baloi partidak aipatu zituen.

Azken liburua, Irungo Ainara Maia Urrozek idatzitakoa da. «Chansons d'amour, ilargi beterik gabeko gauak» izenburuko liburuak sentimendu handiko istorio bat kontatzen du. «Idazleak urtero Hatsaren poesian lanak agertzen ditu eta bere lehenengo liburua du», argitu zuen Etxezaharretak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo