GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Barrura begiratzeko parada

Borroka kolektibo bat jende askoren lanaz eta emozioaz eginik dago. Emozioak ahantziz gero, ez dugu ezer ulertuko, ezta geure burua ere

Ez naiz sarritan joaten zinema aretoetara. Nahiago izaten dut filmak etxean ikusi, sofan lasai asko. Salneurriek ez dute laguntzen, egia esan. Jakin badakit halakoak idatziz ez dudala begirune handirik lortuko zinemagileen artean, baina, zer esanen dut, hala baldin bada? Ez naiz horretaz mintzatuko, ordea, ikusi eta hunkitu nauen film batez baizik. «Barrura begiratzeko leihoak» du izena, eta Iruñeko Golem Aretoetan izan dut dastatzeko aukera. Ez dizuet edukia sakonki aipatuko, erraza baita informazio zehatza edonon aurkitzea eta, gainera, ikustera joateko gonbita egin nahi dizuedalako. Beraz, bakarrik preso politikoen inguruko begirada ausart eta zorrotza dela aipatuko dut, besterik ez.

Niregan piztu duenaz idatzi nahi dut gaurkoan. Filma barrura begiratzeko gonbita da eta, bertan aipatzen denez, ziegak txikiak izanik, erraza izaten da nork bere buruarekin topo egitea.

Nik ere, presoen herri honetan aski laburra izan zen ene kartzelaldian izan nuen barrura begiratzeko parada. Ez zaituztet aspertuko aurkitu nituen mamu, amets urratu eta denetariko faunaz. Ni eta nire aferak ez dira inportanteak. Egoa, hatxerik gabekoa, «ni»-a, nahiago baduzue, gutxienekoa da. Besteak beste, horretara iritsi nintzen, begirada horren ondorioz; gero eta argiago daukat hegoa, hegan egiteko tramankulua, egoa (nia) baino askoz ere garrantzitsuagoa dela.

Herri honek azkenengo hamarkadetan pairatu duen sufrimendua erraldoia da, batzuetan, pisuegi bilakatzen zaigularik, ezin baitugu sorbaldan hartu. Batzuek, berriz, urteak eta urteak daramatzate zama horrekin. Haiek, finean, ezin dute pisuegia denik erabaki, itsatsita daramatelako. Garai berri hauetan are latzagoa bilakatzen da sufrimendu hori, nabarmena baita jende askorendako ez dagoela garai zahar eta berriak erraz bereizterik.

Filmak oroitarazi dit ni/ego ezberdinek osatzen dutela/dugula «gu»-a. «Gu» esaten dugularik, «ni» askoren metaketaz ari garela. «Ni» horien ibilbideak oroitzean, geureganatzean, «gu» indartsua eraikitzen dugu, mundua aldatzeko ezinbestekoa den eragilea. Borroka kolektibo bat jende askoren lanaz eta emozioaz eginik dago. Emozioak ahantziz gero, ez dugu ezer ere ulertuko, ezta geure burua ere. Emozio kolektiboek gorpuzten dituzte subjektu politikoak, subjektibitatea oinarrizkoa baita subjektuendako.

Orain arte, sufrimenduaren salaketak garrantzia handia izan du herri honen borroka jardueran. Batzuetan ukitu pertsonal handiaz, beste batzuetan hotzago, errepresioaren kontrako mezuek lehen mailako lekua izan dute.

Orain, besterik nahiko genuke; sufrimenduaren salaketa gainditzea. Sufrimendua iraganean utzi dugula sinetsi nahiko genuke. Ez da horrela izan, berriz, eta errealitateari egin behar diogu aurre.

Barrura begiratzea onuragarria izaten da, geure zilborra munduaren ardatz bilakatzen ez dugun bitartean. Baina ondokoen sufrimendu horri so egitea ere, barrura begiratzea da, «gu» erraldoia osatzen dugulako, osatu nahi dugulako. Begira dezagun barrura, bada, eta zin egin diezaiogun gure buruari ez garela geldituko sufrimenduaren katea eten arte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo