Arritxu Iribar, Iñaki Murua, Bea Narbaiza EITBko langilea, Bertsozale Elkarteko lehendakaria eta UPV/EHUko irakaslea
EITB beste hogeita hamar urterako
Egungo komunikabideen ataka aldakor eta zailean ere, posible da bere jatorrizko helburuei indartsu eutsiko dion EITB bat izatea. Horretarako baldintza ezinbestekoa, hartara, jendartearen atxikimendua da
Hizkuntzaren egoeraren zein komunikabideen arloan gertatutako aldaketek paradoxa batean jarri dute EITB, 1982an sortu zenetik hona, eta bereziki euskarazko telebista. Alde batetik, bere publiko potentziala inoizko handiena da: euskara ulertzeko gai direnak populazioaren herena izatetik erdia baino gehiago izatera igaro baitira azken hogeita hamar urtean. Bestetik, aldaketa handiak gertatu dira testuinguru sozial, ekonomiko zein teknologikoan: komunikazio ohiturak aldatu egin dira, eta irrati, telebista zein medio berrien eskaintza -beraz, lehia- inoiz baino handiagoa da, besteak beste. Horrela, gaurdainoko hedapen aukera handienak izanik, oraindik bide luzea du EITBk euskal jendartearen atxikimendu handia eskuratzeko, bereziki telebistari dagokionez. Horra paradoxa.
Egoerak kezkatuta, aspalditxo hasi ginen biltzen artikulu hau sinatzen dugunok eta beste zenbait pertsona eta elkarte. Zerbait egin beharraren sentipenak batu gintuen, eta diagnostiko arin bat egin ostean etorkizunean EITB gidatu behar duten adostasunezko minimo batzuen bila abiatu ginen. Horrela, dokumentu bat idatzi eta sektore ezberdinekiko kontrasteari ekin genion: unibertsitate ezberdinetako jendea, hezkuntza zein kultur arloko Euskal Herri mailako elkarteak, sindikatuak, gaur egun gehiengo oso zabala osatuko luketen alderdi politikoak, komunikazioaren arloko taldeak, eta abar luze batekin partekatu ditugu, urte honetan zehar, gure kezkak eta gure ikuspuntuak.
Dozenaka hartu-eman horietatik ateratako ondorio batek zapore gazi-gozoa utzi digu: gazia, zoritxarrez arrazoia ematen zigutelako EITBren -eta bereziki telebistaren- egoeraren larriari dagokionez. Gozoa, adostasun handia aurkitu baikenuen gutxieneko batzuen inguruan. Artikulu honetan gutxieneko horiek eta horien atzean dagoen filosofia azaltzen saiatuko gara.
Aurrera segi aurretik argibidetxo bat: lan honen berri hauteskunde aurretik emateko hitza eman genion elkarri. Gutxieneko hauek lortzeko lanean aritu garenok helburu horrekin lan egin dugu. Idatzi hau kaleratzean, beraz, gure ezina aitortzen dugu. Ez gara garaiz iritsi eta ez gara hauteskundeetan parte hartu duten alderdi politiko guztiekin biltzeko gai izan. Argi gera bedi, ordea, horixe izan dela gure nahia eta helburua bete ahal izateko esfortzuak ere ez direla nolanahikoak izan.
EITBren helburuei dagokienez, oro har harturik, sorrerako berberak izaten jarraitu behar dute: euskara eta euskal kultura bultzatzea, batetik, eta integrazioa eta parte-hartze politikoa sustatzea, bestetik. Euskal jendartearentzat helburuok garrantzitsuegiak dira, ahuldutako tresnen bitartez atxikitzeko.
Egoera konplexua bada ere, beharrezkoa ez eze, posiblea da helburuok erdiestea. Merkatuko joerak eta zailtasunak gorabehera, euskal jendarteko zenbait errealitatek zera erakusten du: atxikimendua dela edozein ekimen handi arrakastatsu suertatzeko baliorik preziatuena.
Horren adibideak aurki daitezke, historian zein gaur egun, arlo ezberdinetan: hezkuntzan, enpresarenean, kirolarenean, komunikabideenean ere bai. Jendarteko atxikimendu horrek tankera ezberdinak hartzen dituen arren, denek dute gauza komun bat: itzal handia duten baloreak partekatzea eta jendarte osoaren proiektu gisa jokatzea. Horregatik, egungo komunikabideen ataka aldakor eta zailean ere, posible da bere jatorrizko helburuei indartsu eutsiko dion EITB bat izatea.
Horretarako baldintza ezinbestekoa, hartara, jendartearen atxikimendua da. Biztanleriak bere burua EITBn islatuta ikusten badu, eta EITBren helburuak euskal jendarteak berak dituenak direla ikusten badu, etorkizun oparoa izan dezake EITBk.
Zentzu horretan, sarriegitan
EITBren inguruan izan diren polemikek ez diote batere mesederik egin, eta jendartearen babes txikiagoarekin utzi dute bata bestearen atzetik datozen erronkei aurre egiteko unean. Orain, aurrera begira jarrita, atxikimendu hori elikatu eta goxatuko duten baldintzak ezarri beharra dago. Horrek ahalbidetuko baitio EITBri etorkizunari indarberrituta heltzea.
Baldintza horietako lehena, gaur egungo testuinguruan, publikotasuna da. Jendartearen oinarrizko premiak izanik, EITBri esleitu zaizkion helburuak ezin daitezke erakunde publikoen protagonismorik gabe lortu. Iritzi aniztasuna, populazioaren parte-hartzea, eta euskararen normalkuntza, nekez bermatuko dituzte ekimen partikularrek soilik. Hauek lagungarri izan daitezke, eta izan daitezen saiakerak egin beharko dira, sinergiak bilatuz. Baina komunikazio sistema publikoa ezinbestekoa da, eta erakunde publikoek ezin diote horri muzin egin: ez bere titulartasunari, ez eta bere finantzazioari dagokionez ere. Zentzu horretan, EITBk baliabide nahikoak eta egonkorrak izan beharko lituzke bere helburuak burutzeko.
Bigarrena, autonomia. Erakunde publikoa izan arren, euskal jendarteak ez luke EITB aldian aldiko gobernuaren zerbitzuan dagoen tresna gisa pertzibitu beharko, helburu partekatu batzuk betetzeko bere buruari eman dion erakunde autonomo bat bezala baizik. Profesionaltasunak, gardentasunak, parte hartze sozialak, gobernu eta alderdiekiko autonomiak lehen mailako balioak izan behar dute EITBrentzat. Munduko beste esperientzia batzuei begiratzeak erakusten du horrelako ereduak posible eta arrakastatsu izan daitezkeela.
Euskara eta euskal kulturaren sustapena lortzeko ezinbesteko baldintza bat euskaldunei euskarazko zerbitzu integrala eskaintzea bada ere, ez da nahikoa. Euskara eta euskal kulturaren sustapena jendarte osoarekiko konpromisoa da, eta EITBren euskarri eta kanal guztien egitekoen artean egon behar du. Areago, eskola sistema helburu honen alde egiten ari den esfortzuaren osagarri izan behar du EITBren lanak, Sortze Legeak berak ezartzen duen moduan. Ildo beretik, helburu bera duten gainontzeko erakundeekiko sinergiak garatzea oso probetxugarri gertatuko zaie bai helburuari, bai eta EITBri berari ere.
Laugarren gutxieneko baldintza hurbiltasuna izan behar da. Euskal jendartearen integrazioa eta parte-hartzea, batetik, eta euskararen eta euskal kulturaren sustapena, bestetik, biek ala biek garamatzate herritarren artean erreferente nagusi izango den eredu batera. Hurbiltasuna, gainera, helburu izateaz gain, tresna eraginkorra da, erakargarri izateko. Hurbiltasuna, bestalde, ez da irekitasunaren aurkakoa, osagarria baizik. Hurbilta- suna ez baita hurbilekoari soilik begiratzea, munduari begirada propioz begiratzea baizik.
Azkenik, ikus-entzunezko sektorea indartu behar du EITBk. Euskal Herriko ikus-entzunezkoen sektorea indartzea hasierako helburuetan agertzen ez bazen ere, hogeita hamar urteren ostean gero eta nabarmenagoa da telebista halako sektore zabalago baten erdigunea dela, sortzaile, enpresa eta teknologi multzo zabala biltzen dituena. Horiek gabe EITB ezingo litzateke bizi; EITB gabe euskal ikus-entzunezko alorrik ez litzateke egongo. Beharrezkoa da harreman inguru ahalik eta egonkorrena, gardenena eta eraginkorrena eratzea bien artean. Izan ere, sektorea sozialki garrantzi handikoa izateaz gain, bizi dugun krisi garaian gure ekonomiaren berritzaile eta sustatzaile ere izan daiteke.
Oinarrizko puntu hauetan euskal jendartean adostasun zabala lortzen den heinean, etorkizun itxaropentsua izan dezake EITBk.
Hori berori izan baitaiteke komunikazioaren eremuan datozen erronka zailei arrakastaz aurre egiteko bermerik eraginkorrena.