GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kudeatzen ez dakitela aurpegiratu die EH Bilduk Arabako eta Bizkaiko aldundiei

p021_f01.jpg

Mikel PASTOR | BILBO

«Esaten dutenaren kontra, eskuinak, EAJk zein PPk, ez dakite kudeatzen, eta hori argi geratu da Arabako eta Bizkaiko aldundiek aurkeztutako aurrekontu proiektuetan». Argi eta zorrotz mintzatu zen atzo Maribi Ugarteburu, EH Bilduko parlamentaria, koalizio soberanistako beste kide batzuekin batera egindako agerraldian.

Diana Urrea, Joseba Gezuraga eta Iosu Murgiarekin batera egindako prentsaurrekoan, EH Bilduk Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aurrekontuak aztertu zituen, «bi gizarte eredu ezberdin argi» irudikatzen dituztela nabarmenduta.

Bi eredu horien arteko aldeak hainbat arlotakoak dira, Ugartebururen hitzetan. Fiskalitatean, esate baterako, «Bizkaian eta Araban aplikatutako zerga eredu atzerakoiak diru-sarrerak jaistea ekarri du. Araban %6 jaitsi dira eta Bizkaian, %4», zehaztu zuen Ugarteburuk, eta Gipuzkoako ereduarekin alderatu zuen: «Zerga politika progresiboaren bitartez, diru kopuru handiagoa batzea lortu da, diru-sarreren jaitsiera %1,6an utziz».

Bestelako arlo sozioekonomikoetan ere aldundien arteko ezberdintasun nabarmenak sumatzen ditu EH Bilduk. Gastu publikoan, adibidez: «Gipuzkoako Aldundiak Aurrekontu Orokorren %48 bideratuko du gastu sozialera. EAJk eta PPk, ordea, bestelako interesak defendatzen dituzte. Bizkaian gastu horiek ez dira %45era heltzen, eta Arabako Aldundiak Gipuzkoakoak baino %6 gutxiago bideratu du arlo horretara. Gure ustez, eta gaurko egoera ekonomikoa kontuan izanda, guztiz beharrezkoa da egoera ahulean dauden pertsonak babestea, eta ahal den neurrian horiei laguntzea».

Etxe-kaleratzeak

Azken egunotan pil-pilean dagoen gaiari, hots, etxe-kaleratzeei ere heldu zien Ugarteburuk: «Gipuzkoako Aldundiak 100.000 euro bideratu ditu kaleratze gehiago gerta ez dadin. Kopuru txikia izan arren, pausoak eman ditu bide horretan. Arabak eta Bizkaiak, ostera, ez dute euro bat bera ere bideratu horretara, bestelako foroetan aho beteka ari diren bitartean.

Mendekotasun Legea ere izan zuten hizpide burujabetzaren aldeko koalizioko kideek. Atzo azaldu zutenez, «Araban eta Bizkaian murriztutako laguntzak mantendu egin dira Gipuzkoan. Orain arte bideratutako laguntzak ez dira ukitu. Bizkaian, bereziki, horiek behera egin dute nabarmen, hain zuzen ere, gizartea ahul dagoen unean».

Egoeraren irakurketa zabalagoa eginez, EH Bilduko ordezkariek sistema publikoa indartzea beharrezkoa dela nabarmendu zuten, murrizketak «egitekotan, pribilegioetan egin beharko lirateke, eta ez beste inon».

Nolanahi ere, «akordiorako prestutasuna» badutela berretsi zuten beste behin ere, baina argi utziz akordioak lortzekotan «edukien inguruan» lortuko liratekeela, hau da, «helburu zehatzekin, eta inoiz ez kromo trukaketan». Hala eta guztiz ere, hitzarmen horiek ez dituzte gertu ikusten «PPk eta EAJk eraikitzaile, enpresari eta dirutza handien interesak defendatzen dituztelako beste guztien interesen gainetik».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo