GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Dena erabaki gabe baina gauza asko bideratuta, Katalunia aparteko hauteskundeen atarian

Kataluniako hauteskundeen bezperan, kanpainaurreko zalantza eta ziurtasun berberak ageri dira. Ikuskizun dago Mas-ek gehiengo absolutua lortuko duen. Hala balitz, estatu propioa lortzeko bidean erritmoen kontrola hobetu eta munduan kataluniarren liderraren irudia indartuko litzateke. Agerian geratu da, bestalde, etorriko denaren iragarle, Gobernu espainolaren gerra baldarra, administrazio kolonial legez nola jokatu duen, bere beso mediatikoek egindako intoxikazio mardula. Igandeko argazkiak bereizmen handiz erakutsiko du katalanismoaren zilegitasun demokratikoaren aldekoen eta erabaki eskubidearen aurkakoen arteko tartea eta kontrastea. Eta herri galdeketaren bidean atxikimendu sozial izugarri zabala izango dela aurreikus daiteke. Esan liteke, beraz, dena ez dagoela erabakita, baina bai gauza asko bideratuak direla, atzera bueltarik gabe. Kataluniak aro berri bat irekiko du bihar eta, munduarentzat bezala, euskaldunentzat ere ez da arrotza izango. Hemen eta han mapa politiko bereziak marraztuko dira, subjektu politiko bereizien erakusle. Eta mezu bera, askatasunaren bide propioa urratu nahi duten bi nazioena, munduratuko da: Espainiaren ereduak porrot egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo