GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskak eta Hezkuntza Ministerioak hitzarmena sinatuta harremanak sendotu dituzte

p024_f02.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Datorren hiru urteetako norabideak finkatzen dituen hitzarmena izenpetu zuten atzo frantses Hezkuntza Ministerioko, Seaska ikastolen federakuntzako eta Euskararen Erakunde Publikoko ordezkariek Biarritzen. Hiru egiturek garrantzitsutzat jo zuten ekimena, datorren hiru urteetarako norabideak zehazteaz gain, Seaskaren garapenerako bitartekoak finkatzen baititu.

«Seaskaren ereduari ezagupena ematen dio, eta baliabideak emateko baldintzak finkatzen ditu», argitu zuen Frantxua Maitia EEPko buruak.

2009an izenpetu zen lehenengo hitzarmenak ez bezala, atzo sinatutakoak Seaskak egunerokotasunean duen ibilmoldea ofizialki onartzen du. Horrenbestez, Maitiak zehaztu zuen txosten horren bitartez Ministerioaren eta Seaskaren arteko harremanak «lasaitu» egingo direla.

Baxoak aldaketarik ez

Lehen Mailan gelako 22 ikasle eta kolegioan, berriz, 25 ikasle izan beharko direla arautzen du hitzarmenak, eta, lanpostuak kopuru horien arabera eskainiko direla. 2012-2013 ikasturte hasierarako lau postu gehiago aurreikusiak dira, izan ere. Akordioak ikastolen garapenean hainbat aurrerapauso finkatzen baditu ere, ez du arautzen Baxoa azterketa euskaraz egiteko aukera. Hezkuntza Ministerioaren izenean, Jean-Louis Nembrini Bordeleko errektoreak izenpetu zuen ituna atzo. Iaz, proba gisa, matematika azterketa euskaraz egiteko aukera izan zela esan zuen. «Ministerioak erabaki beharko du zer jarraipen ematen dion horri», argitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo