GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea Leitza

Perurena II.a: «300ekoa jasotzea betiko ametsa da»

Leitzar gazteak bihar egingo du marka saiakera Leitzako pilotalekuan. Lortuko balu, 300 kilokoa jasotzen duen laugarrena izango litzateke, Mieltxo Saralegiren, honen aitaren eta Gibitegiren atzetik.

p046_f01.jpg

Jon LEUNDA

Inaxio Perurenak 300eko klubean sartu nahi du, orain arte inork gutxik sartzea lortu duen lekuan. Leitzar gazteak 300 kiloko harria jaso nahi du bihar eguerdian, bere herrian, Leitzan. Jaialdia 12.30ean hasiko da.

Harri honi ez dio lehen aldiz helduko Inaxiok, 2009ko abenduaren 31n jaso baitzuen Asteasun egin zen jaialdian, baina harria bizkarrean berdintzeko garaian ihes egin zion atzera eta ez zen balekoa izan. Oraingoan errekorra lortu nahi du. Mieltxo Saralegik dauka errekor nagusia, 329ko harria jasota. Inaxioren aitak, Iñakik, 320koa dauka bizkarrean bedinduta, eta Gibitegik 300ekoa dauka jasota. Beste inork ez du 300 kilokoa edo hortik gorakoa jaso. Perurena gazteak lortuko balu, laugarrena izango litzateke.

«Egia esan, ez dut horrekin pentsatu nahi. Hor izen handiak daude, eta nik nirea egin nahi dut. 300ekoa jasotzea aspaldiko ametsa da, eta hori egia bihurtu nahi dut», esan du leitzarrak.

Ia orain dela hiru urte Asteasun gertatu zena sarritan ikusi duela onartzen du. «Askotan ikusi dut, horrelakorik errepikatzea ez nuke nahi, eta orduko hutsegiteak konpondu nahi ditut. Hala ere, egun hori berezia izango da, eta berriro ere gauza bera gerta daiteke».

Horrenbeste denboran beste ahaleginik egin gabe egon ostean, zurrumurru asko izan dira bere inguruan, eta berak ere badaki, baina hortik ere aldendu nahi izan omen du. «Gauza asko entzun behar izan ditut ordutik. Utzita nagoela, parrandan nabilela, eta beste hainbat kontu, baina azken batean onartu behar duzu, ezin zara horiei aurre egiten hasi. Orain plazan erakutsi nahi dut gai naizela 300ekoa jasotzeko», baieztatu du.

Arrazoiak

Jendea aspaldian zegoen biharkoa ikusteko zain, baina Inaxiok berak argitu zion GARAri zergatik atzeratu den horrenbeste. «Ahalegina 2011karako jarrita zegoen, baina tripetakoa harrapatu nuen marka egin aurreko egunetan, eta ezin izan nuen egin. Gero, bizkarrean disko hernia neukan, eta horrek ez dit lan egiten utzi. Esku batekin jasotzen nituen harriak bi eskuekin jaso ezinik geratu nintzen, eta une gogorrak izan ziren. Ez nuen uste horrenbeste jarriko nintzenik, baina lortu dut, eta gustura nago. Sendagileek, homeopatak, masajistek zerikusia izan dute. Nire amak berak ere masaje asko eman dizkit. Asko lagundu didate, eta ea bihar dena ongi joaten den», esan du Inaxio Perurenak.

Markaren aurreko egunak urduritasunez jositakoak direla dio. «Aste osoa daramat nerbioekin, eta igandean ere horrelaxe egongo naiz. Hala ere, lo ongi egiten dut, hartzea kostatzen zait, baina behin lo hartutakoan ongi egiten dut, eta hori garrantzitsua da», onartu du.

Ostegunean egin nuen azkeneko proba. Frontoian bertan egin nuen, 300ekoaren aurretik erabili behar ditudan eta 300eko harria eraman nituen, denak jarri, eta marka egun bat balitz bezala dena egin nuen. Ongi joan zen, eta beharrezkoa ere izan zen, egon daitezkeen arazoak konpondu ahal izateko. Horrek sentsazio onak utzi zizkidan, baina gero egunean bertan edozer gerta daiteke. Pisuak handiak dira, eta edozein deskuidu nahikoa da dena galtzeko», gaineratu du Leitzako harri-jasotzaileak.

Leitzara joaten direnek ez dute Inaxio bakarrik ikusiko, jaialdia betetzeko Urrutia ere arituko baita harriak jasotzen. Aizkoran, Olano I.a eta Rekondo Larrañagaren eta Ruben Saralegiren aurka arituko dira. Eneko Saralegi australiar eran arituko da aizkoran.

Aurrekoa

Aurreko ahalegina orain dela ia hiru urte egin zuen Asteasun. Orduan 300ekoa jaso zuen, baina berdintzerakoan atzera ihes egin zion, eta ez zen balekoa izan.

lesioak

Inaxiok bizkarrean arazo larri samarrak izan ditu, eta nahi baino gehiago atzeratu omen dio horrek bigarren ahalegin hau, baina ongi dago, eta harria jasotzeko prest.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo