Xare, euskal kultura digitalaren azoka
Mundu birtuala euskaraz bizi nahi?
Ahozkotasunak euskararen biziraupenean izan duen garrantzia ukaezina da, baina hizkuntzak ikasi du garai berrietara moldatzen. Bertso eta kantetatik liburuetara salto egin zuen, eta prentsa idatzira ondoren. Irratia eta telebista iritsi ziren orduan, eta bat-batean mundu osora iristeko tresna berritzailea: Internet.
Nagore BELASTEGI
Euskal kulturak, beraz, komunikabide berri eta unibertsal horretan ere badu zeresanik, eta Euskal Herrian dauden eragileen eta publikoaren arteko zubi moduan jaio da Xare euskal kultura digitalaren azoka, egun hauetan Donostiako Kursaalean ospatzen ari dena. Iñigo Martinez Xareko koordinatzaileak azaldu zuenez, azokaren «beta» bertsio bat da; hau da, ez da behin betikoa eta aurrerantzean saiatuko dira gero eta handiagoa eta osatuagoa egiten. Urtean behin antolatzeko asmoa badute ere, lehenengo azoka «ofiziala» ekainean ospatu nahi dute. Hala ere, atzo hasi zen Xarek datorren urte erdialdean aurkituko duguna dastatzeko aukera ematen digu. Euskal kultura digitalari eskainitako azoka denez, Durangoko Azoka eta Euskal Enkounterren bide erdian baina, era berean, hauekin zerikusirik ez duen feria bat da.
Kursaaleko aretoetan zehar banatu dituzte hitzaldi, mahai-inguru eta tailerrak. Harreran standak daude jakin-mina dutenek eragile bakoitzari buruzko informazioa jaso ahal izateko. Xareko koordinatzaileak aitortu zuen pozik zeudela izaten ari ziren harrerarekin, ostiral goizean jada bisitari kopuru handia jaso baitzuten. Egia esan, horietako gehienak gazteak ziren, asko formakuntza zentro desberdinetatik bertaratutakoak, baina gaur jende gehiago agertzea espero dute.
Instalazio eta guneak martxan jarri baino lehen inaugurazio ekitaldi xumea egin zuten, bideo bidezko aurresku eta guzti. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek azaldu zuen Donostian euskara dakitenen gehiengoa gazteak direla, baita teknologia berriak erabiltzen dituztenak ere. «Azoka gehienbat jende gazteari dago zuzenduta, baina gero eta jende gehiago ari da mundu birtualera gerturatzen, azkarrago edo motelago; ni, adibidez», aitortu zuen.
Lore Martinez Axpe, Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendaria, ere izan zen inaugurazioan. Honek aipatu bezala, «euskarak asko irabazten du teknologia berriekin, baina teknologia berriek ere asko irabazten dute euskararekin». Ideia horretatik abiatuz, teknologia berriak erabiltzen dituzten euskaldunek Interneten ere euskarara jotzea bultzatu nahi du Xarek.
Gaur egun sare sozial ezagunak euskaraz jartzeko aukera dago, baina erabiltzailearen esku dago bertan idatzitakoa euskaraz izatea edo ez. Mintzatu.com, ordea, euskaratik, euskaraz erabiltzeko eta euskara sustatzeko sortu den sare soziala da. Munduan zehar euskaraz mintzatzen den lekuak etiketatzeko balio du, honela euskarazko zerbitzua izan nahi dutenek badakite nora jo behar duten. Hala, erabiltzaileek sarean izena eman eta lekuak partekatzen dituzten heinean zerrenda handituz doa.
Oraindik ez daude leku asko etiketatuta, baina aurrerantzean, Xareren ostean, Mintzatu.com erabilgarria izatea espero dute. Partaidetza sustatzeko zozketa bat prestatu dute egun hauetan parte hartzen duten erabiltzaileen artean: zenbat eta leku gehiago etiketatu, orduan eta aukera gehiago sariak eskuratzeko. Rodrigo Gartzia, Azkue Fundazioko zuzendaria eta Mintzatu.com webguneko arduradunak aipatu zuenez, munduan zehar mintzalagunak lortzeko baliagarria izan daiteke.
Irakasle birtualak etxean
Baina euskal hiztunak gehiago izateko ezinbestekoa da irakaskuntza. HABEk zeresan handia dauka Euskal Herri osan eratutako euskaltegi sarea dela-eta. Interneten Ikasbil webgunea dute, non irakasle eta ikasleek material didaktikoa eta ariketak eskuratu ditzaketen. Hala ere, azokan aurkeztutako berrikuntzarik aipagarriena Aisa ikastaroa da. Herrietan atzerritar taldeei euskarazko klaseak emateko helburuarekin jaio bazen ere, digitalizatu egin dute eta mundu osoko pertsonengana iristea lortu dute.
Oraingoz oinarrizko irakaskuntza eskaintzen da eta euskara/gaztelania bertsioan dago, baina erronka beste hizkuntza batzuetara itzultzea da, herrialde askotako jendeak ulertu ahal izan dezan. Etxean, bakarka eta 60-80 orduren bueltan burutzeko ikastaroa da Aisa, non Aitziber irakasle birtualak ikaslea lezioz lezio gidatuko duen. Onena, doakoa dela eta ez dela beharrezkoa euskaltegian matrilula egitea.
Honekin batera, itzultzaileen auzia da aipagarria. Urte askotan eztabaida izan da euskarazko itzultzaile automatikoen gainean, lana aski ondo egiten zuenik ez zegoelako. Arazo honi irtenbidea emateko Berbatek jaio da. Oraindik ikerkuntza prozesuan daude, baina jada hiru demo egitea lortu dute, tresnak izango dituen erabilpenen berri emateko.
Lehenengo demoa sortzeko gaztelaniazko dokumentalak landu dituzte. Gaztelaniazko off ahotsa transkribatu eta azpititulu bihurtu dute. Ondoren, euskaratu egin dute itzultzaile automatikoaren bidez eta amaitzeko testu hori irakurtzen duen ahots sintetikoa eratu dute. Azpitituluen itzulpena oraindik ez da perfektua, baina hori konponduz gero, dokumentalen bikoizketak oso denbora gutxian egiteko gai izango dira. Beste demo bat hiztegi moduan dabil. Termino bat jarriz gero, irudiak, bilaketarekin harremana duten zenbait hitz eta kontzeptu generikoak eskaintzen dizkigu. Azken demoa 3D irakasle birtuala da. Ahotsaren bidez komunikatu ahal izango da ikaslea berarekin eta ariketak egingo dituzten elkarrekin.
Sistema errotik aldatuz
Gunerik arrakastatsuenak, gazteen artean behintzat, instalazioak eta robotika erakustaldia dira. Lehenengoan hainbat elementu daude gela batean eta jendearen partaidetzarekin gauza desberdinak egiten dituzte. Bigarrena, EHUko Robotika eta Sistema Autonomoak taldeak antolatu du. Oier Mes talde honetako kidea eta informatika ikaslea da. Berak azaldutakoaren arabera, hiru robot dituzte azokan ikusgai. Zeinu bidez mugitzen den automata, ahozko agindu sinpleak jaso eta betetzeko gai dena eta zenbait hitz aukeratuz gero, esaldiak sortzen dituen robot bertsolaria. «Batzuetan akatsak egiten ditu, baina bertsolariekin ikerkuntzak egin nahi ditugu robotaren gaitasunak handitzeko», kontatu zion Mesek GARAri.
Ikasle honek goiz eta arratsaldez azokan prestatu dituzten instal party direlakoetan ere parte hartzen du eta gaur ere izango da azokako 8-9 aretoan nahi duenari bere ordenagailuan Ubuntu sistema operatiboa instalatzen erakusten. «Gogora daitezela bisitariak euren ordenagailua ekarri behar dutela», gomendatu zuen informatika ikasleak. Honez gain, gaurko egunean zehar Kursaaleko aretoetan ekitaldi anitz izango dira.
Euskal enpresa desberdinek eskaintzen dituzten eskaintzen erakusleihoa da. Egunero eskaintza berri bat agertzen da, eta erabiltzaileek eskatu egin behar dute. Bostek baino gehiagok hautatzen badute, deskontuaz baliatu ahal izango dira.
Euskarazko itzulpenak egiten dituen enpresa bat da. Bezeroa Internet bidez jartzen da harremanetan honekin eta prezioa eta epeak zehaztu ostean, itzulitako testua jasoko du. Arazorik izanez gero, itzultzaileek bezeroari telefonoz dei diezaiokete.
Literaturaren euskal «on-line» sarea. Bertan, jabetza eskubiderik gabeko zenbait liburu klasikoren itzulpenak, poesiak, artikuluak, material didaktikoa eta bestelako testuak irakur daitezke doan. Artxibo batzuk deskargatu daitezke.
Gipuzkoa Share teknologia elkarteak wifi sare askeen kontzeptua ekarri du azokara. Asier Garaialdek, elkarteko koordinatzaileak, azaldutakoaren arabera, Katalunian sortu zen ideia hau bertako herri txiki askok ez zutelako Internetera sarbiderik. Eskumen hori enpresa komertzialen esku utzi ordez, herri ekimenen bidez sareak eratu zituzten. Udalek edo elkarteek sustatu dezakete, eta erabiltzaile kopuruaren arabera ordaintzen da, seinalearen kostua denen artean ordainduz. Ohiko Internet sarbidea baino merkeagoa izateaz gain, konexiorik behar ez duen intranet bat ere bermatzen du.
Katalunian izandako arrakasta ikusirik, Euskal Herriko zenbait tokitan martxan jarri dute sistema hau, adibidez, Errenterian edo Gallartan. Baina benetako bultzada abenduan etorriko da, orduan hasiko baitira Gipuzkoako 30 herritan sareak sortzen guifi.net telekomunikazio sare irekiaren bidez. N.B.
Kalitatezko euskal jakiak erosteko aukera ematen duen webgunea da. Hor aurki ditzakegu eusko labeldun kilo bateko txuletak, txakolinez egindako likoreak, Idiazabal gazta, Arabako patatak, Gernikako piperrak edota eskuz egindako txokolatea.