GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bidegik bankuekin duen zorra 274 milioi eurokoa dela dio Aldundiak

Azken urteetan Gipuzkoako errepideetan egindako lanetan izandako desbideratzeen ondorioz du Bidegik halako zorra bankuekin, Aldundiaren esanetan. Datorren urtean 61 milioi euro ordaindu beharko ditu; hau da, desfaserik izan ez balitz baino hogei milioi euro gehiago.

p023_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Banketxeei eskatutako kredituak direla medio, Bidegik, Gipuzkoako Azpiegituren Agentziak, 900 milioi euroko ordainketei egin beharko die aurre, azken urteetan lanetan izandako desbideratzeen ondorioz. Batzar Nagusietan Katty Nevado Bidegiko gerenteak atzo adierazi zuenaren arabera, desbideratzeen ondorioz 274 milioi euro gehiago ordaindu beharko dira datozen hamar urteetan.

Larraitz Ugarte Mugikortasun eta Azpiegitura diputatuarekin batera egindako agerraldian, Nevadok Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2010eko txostenean aipatzen zituen Bidegiren bi lan aztertu zituen. Bata Bigarren Ingurubidean Urumea-Errenteria tarteari dagokio -60 milioi euroko desfasearekin-, eta bestea errepide bereko Aritzeta-Urumea tarteari dagokiona da, 32 milioi euroko desfasearekin. Orotara, 92 milioi euroko desfasea dagoela dio txostenak.

Gipuzkoako Aldundiari dagokionez, beste bi lan aipatzen ditu dokumentuak, guztira 34,3 milioi euroko desfasearekin. Nevadok azaldu zuenez, 2010ean bukatutako lan horiek kontuan hartuta, 127 milioi euro baino gehiagoko gainkostua jasotzen du Kontu Epaitegiak.

Azken 20 lanek 384 milioi euro

Nevado gerenteak KPMG enpresak egindako kontu-ikuskapenetik ateratako datuak aurkeztu zituen halaber. Horren arabera, Bidegik egindako lanetan izan diren desfaseak batuz 282 milioi euroko gainkostua egon da, eta hain justu diru kopuru horri aurre egiteko kredituak eskatu behar izan ditu.

Horien ordainketaren gaineko datuak ere eman zituen. Horien arabera, datorren urtean 61 milioi euro ordaindu beharko ditu Bidegik bankuekin dituen betebeharrei aurre egiteko, baina kopuru hori 41 milioi eurokoa litzateke desfaserik ez balego. Beraz, hogei milioi euro gehiago behar izango dira desfaseen ondorioz.

Ugartek gehitu zuen Bidegiko 282 milioi euroko desfaseari Aldundiarena batuz gero (102 milioi), azken hogei lan garrantzitsuenek guztira 384 milioi euroko desfasea ekarri dutela.

Datuok publiko egin ostean, EAJko Aintzane Oiarbidek «aurreko gobernua desitxuratzeko helburuz» historia faltsutzea eta manipulatzea egotzi zion Ugarteri, eta defendatu zuen «aurreko legealdian hartu zen erabaki oro txosten tekniko eta juridikoetan oinarrituta» hartu zirela.

KUDEAKETA

Zifrak mahai gainean jarri ostean, Larraitz Ugarte Mugikortasun diputatuak, orain arte egin duen bezala, proiektuak beste modu batean kudeatu behar direla adierazi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo