Trikitixa txapelketak Euskal Herria, Asturias eta Okzitania bilduko ditu
GARA | BILBO
Nazioarteko Trikitixa Jaialdia ospatuko da gaur Getxon 19.00etatik aurrera. Bertan Okzitaniako, Asturiasko eta Euskal Herriko txikitilariek hartuko dute parte, halanola, Javier eta Jose Manuel Tejedorrek, Mirabelek, Agurtzane eta Ion Elustondok, Ruben Isasi, Xabier Valle eta Argibel Eubak, eta Tapia eta Leturiak.
Helburua, ohikoa den bezala, trikitixa jotzeko estilo ezberdinak erakustea da. Izan ere, soinua musika tresna desberdinekin konbinatzen da munduko toki desberdinetan. Era berean, parte hartzen duten trikitilariak ezagutzera emateko aukera bat da txapelketa, batzuk, gurean behintzat, oso ezagunak badira ere.
Emanaldia publiko guztiari dago eskainia eta amaitzerakoan ospatuko den «Trikisession» saioan primeran pasatzeko aukera izango da. Leihaketan joko duten trikitilariek parte hartuko dute saioan, elkarren artean nahastuz eta inprobisatuz. Bertaratzen direnek eurekin dantzatu eta abestu ahal izango dute. Leihaketarako sarrerak 8 eurotan salgai badaude ere, «Trikisession» saioa doakoa da.