Estibalitz EZKERRA Literatur kritikaria
Irla txiki bat (I)
Kincaiden planteamenduan zenbait akats daude. Nabarmenena, behin eta berriro Antigua «irla txikia» dela esatea da.
Aurrekoan, Jamaica Kincaiden «A Small Place» berriro irakurtzen ari nintzela, urteek aurrera egin arren zenbait egoerak hobera egin beharrean gehiago okertzen direla etorri zitzaidan gogora. Antigua jaioterriari buruz mintzo da Kincaid «A Small Place» lanean. Hobeto esanda, idazleak Antigua oporleku dutenei (edo hura oporleku gisa eraikitzen lagundu dutenei) irla eta hango biztanleek («benetako» antiguarrak, egilearen hitzetan) bizi duten miseria egoera azaltzen die mehatxuzko tonua erabilita. Liburuaren zati handi bat Mendebaldeko biztanleen jarduera (neo)kolonialistak salatzera badator ere, jarduera hauen aurrean antiguarren erantzuna, bai buruzagiena bai herritar arruntena, zein den deskribatzeko orduan Kincaidek ez du hitz goxorik erabiltzen. Are gehiago, batzuen anbizio eta ustelkeria eta besteen interes eta borrokatu nahi eza dela-eta Mendebaldeko turistak bezain errudun direla esaten digu.
Kincaiden planteamenduan zenbait akats daude. Nabarmenena behin eta berriro Antigua «irla txikia» dela esatea da. Ingalaterra ere, zabalerari erreparatuz gero, lur-eremu txikia da eta, hala ere, haren handitasuna (nazio moduan) da azpimarratu ohi dena. Antigua irla txiki moduan definitzea haren hutsaltasuna onartzea da, hots, diskurtso (neo)kolonialistarekin bat etortzea litzateke. Bestetik, buruzagi eta «benetako» antiguarrak berezi egiten ditu Kincaidek behin baino gehiagotan. Lehenengoak, Antiguan jaio, hazi eta bizi diren arren, beren buruak eta irla bera Mendebaldearen interesen zerbitzura jarri dituztenez, tokikoak ez balira bezala tratatzen ditu idazleak.