Urtarrilaren 12ko Bilboko manifestaldi nazionalarekin bat egin du Etxeratek
Etxerat elkarteak «atxikimendu osoa» adierazi zion atzo Herrira mugimenduak urtarrilaren 12rako Bilbon deitua duen manifestazio nazionalari. Horrekin bat eginda, asteburu horretan aurreikusita zeuzkan bisitak bertan behera utziko dituela jakinarazi zuen.
GARA | BILBO
Joan den urtean gertatu bezala, Etxerat elkarteak Herrirak urtarrilaren 12rako deitutako herri mobilizazio orokorrarekin bat egin du aurten ere. Era berean, asteburu horretan Estatu frantsesean, espainolean, Ingalaterran, Eskozian, Irlandan eta Portugalen aurreikusita zituen bisitak bertan behera utziko dituela nabarmendu zuen euskal preso politikoen senideen elkarteak.
Etxeraten iritziz, «ezinbestekoa da euskal preso politikoen senide eta lagun guztiek mobilizazio horretan parte hartzea, eta horretarako, guretzat eta preso dauden gure senideentzat hain garrantzitsuak diren asteburuetako bisitak alde batera utziko ditugu aste batez».
Bide batez, Estatu espainol eta frantsesaren dispertsio politika salatu zuen Etxeratek: «Asteburu horretan ez ditugu gure gertukoengandik urruntzen gaituzten milaka kilometroak egingo, ez dugu errepidean bizitza arriskuan jarriko».
Analisi orokor horretan, presoen egungo egoeraren gaineko irakurketa kritikoa egin zuten Etxerateko kideek, «zoritxarrez, senide eta lagunen egoera ez da inondik inora aldatu, are gehiago, okerrera egin du» adierazita. Esandakoaren froga gisa, azaroaren 10ean Baionan burutu zen manifestaldiaren ostean gertatutakoak aipatu zituzten: «Lekualdatze ugari izan dira, zenbait senidek eraso fisikoak jasan dituzte eta Estrasburgok Ines del Rioren kasuan emandako ebazpenaren ostean, `Parot doktrina' mantendu eta aplikatzen jarraitzen dute».
Deia gizarteari
Manifestazioari atxikimendua adierazteaz gain, «euskal jendarte osora» zabaldu zuen gonbita Etxeratek, mobilizazioarekin bat egitera dei eginez. «Euskal gizarte osoa Bilbon biltzea espero dugu, eta horretarako egun horretan egitekoak diren hainbat ekimen ere bertan behera uztea eskertuko genuke», nabarmendu zuen senideen elkarteak.
Amaitzeko, urtarrilaren 12ko mobilizazioak berebiziko garrantzia duela esan zuten, duda-mudan daudenak konbentzitzeko: «Guzti-guztion babesa beharrezkoa izango da gure senide eta lagunen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen, euskal presoak gurekin etxera ekartzeko, gaitz larriak dituzten presoak aska ditzaten lortzeko eta espetxe zigorren luzatzeak eta bizi osorako espetxe zigorra bertan behera gera daitezen».
«Guzti-guztion babesa beharrezkoa izango da gure senide eta lagunen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen», nabarmendu zuten Etxerateko kideek.