GARA > Idatzia > Kultura

Ibaeta abesbatzak euskal kantuen diskoa kaleratu du

p054_f01.jpg

N.B. | DONOSTIA

Ibaeta abesbatzak «Kantuz euskaraz» izeneko lehen diska kaleratu du, oso-osorik euskal kantaz osatutakoa. Kontzertua eskainiko du abesti horien berri emateko, gaur 19.00etan Donostiako Santa Maria elizan.

Donato Unanue abesbatzako zuzendariak azaldu zuenez, Ibaetak hutsune bat bete nahi du, euskal kantagintzarena, alegia. «Euskal koruek gero eta gutxiago kantatzen dituzte euskarazko abestiak. Iruditzen zait ez dugula euskal eremua behar bezala zaintzen», adierazi zion Unanuek GARAri.

Ez Dok Amairu taldeak landu zuen euskal kantagintza, baina ostera bakarlari gisara hasi ziren eta euskaraz kantatzea normala ikusten dugu modu horretan, baina koruetan ez da hain arrunta. «Ematen du bigarren maila batean jartzen garela Aita Donostia edo Luis Guridi abestean, baina horiek sekulako musikariak ziren -aipatu zuen-, guk ez badugu hori abesten, nork egingo du?»

Tokian tokiko musika zabaltzea, filosofia horren jarraitzailea da Ibaeta abesbatza. Izan ere, Unanueren esanetan, Andaluziako koru bat ikusten dugunean Andaluziako musika entzun nahi dugu, eta berdin euskal abesbatzekin.

Euskarazko diskoa grabatuko zutela erabaki ostean, bertan sartuko zituzten kantak aukeratu behar zituzten. Guztira, 17 abestik osatzen dute lana, horietatik hamaika «klasikoak» eta sei «berriak», hain berriak ez diren arren eta klasiko izateko bidean badaude ere.

Horiek aukeratzeko irizpideak anitzak izan dira. Alde batetik, maitasunari buruz diharduten asko aukeratu dituzte elkarrekin giro patxadatsuan egon ahal izateko. Beste alde batetik, politak iruditzen zaizkienak hautatu dituzte; «`Txori urretxindorra', adibidez, oso polita da eta ez da kantatzen. Ez badugu berreskuratzen galdu egingo da».

Lan handia

Moldaketa guztiak Unanuerenak dira. Kasu batzuetan kantari ahots desberdinak sortu dizkio erregistro desberdinetan abestu ahal izateko. «Urkoren `Maite maitia'ren melodia mantendu dut, baina beste modu batera egin dut. Beldurra izaten dut autoreei zer irudituko zain pentsatzean, baina Urkori asko gustatu zaio».

Abesbatzako 60 kideek lan handia egiten dute. Entseguak taldeka eta denak elkarrekin egiten dituzte eta etxean ere praktikatzen dute. «Lan horren fruitua dira diskoa eta kontzertua». Bertan aurki ditzakegu «Txoria txori», «Herribehera», Goizeko izarra», «Bai al dakozi maite» edo «Txakolina» bezalako kantak.