GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Iker Bizkarguenaga | Kazetaria

Perspektiba

Bi aste behar izan ditugu etxez, herriz, herrialdez eta, bide batez, hartzekodunez aldatzeko. Berogailua, ur beroa, igogailua eta ohiko beste zenbait «gailu» jartzen dizkigutenean, lekualdatze arrakastasua egin dugula esango dugu. Hamalau egun, bizitzaz (apur bat esajeratuz) aldatzeko. Baina denbora horrek beste gauza batzuetarako beta ere eskaini digu; adibidez, eguneroko zurrunbilotik aldendu eta gauzei beste ikuspuntu batetik begiratzeko.

Duela urte batzuk modan jarri zen gauzak «perspektibarekin» ikusi behar zirela esatea. Eta, oporren aitzakian, hori egiten saiatu gara. Izan ere, lagun dudan filosofo batek esango lukeen bezala, batzuetan inguruan eraztun moduko bat jartzen zaigu -edo janzten dugu-, asko estutzen gaituena eta beste aldean zer dagoen ikusten uzten ez diguna. Eta denboraren poderioz, eraztunaren barruan bueltak ematera mugatzen gara, gure mundua guztiz txikituz.

Uste dut denoi gertatzen zaigula halako zerbait; lana, militantzia edo bizitzaren tarte handiena jaten digun horren eragina erabatekoa bihurtzen da guretzat, eta askotan horixe galtzen dugu: perspektiba. Horrela, modu arrazional batetan ikusita ñimiñoak diren arazoak, izugarrizko egiten ditugu; eta eraztun horretatik kanpo ia oihartzunik ez duten auziek loa kentzen digute. Nahi gabe, inertziak bultzatuta, arratoiak lehoi bihurtzen ditugu, sardinak marrazo.

Horregatik, ondo dago noizean behin egunerokotasunetik urruntzea. Hori eginez gero, adibidez, egunkaria egunero irakurtzen duen senideak hain zalapartsua izan zen artikulu horren berririk ez duela esango dizu. Agian bai, irakurriko zuela, baina berak ez duela gogoratzen. Eta herriko bilera eta mobilizazio guztietan parte hartzen duen lagunak horrenbeste polemika sortu (omen) zuen berria, zure posta elektronikoan mezu bonbardaketa eragin zuen hori berori, ez dutela inon jorratu aipatuko dizu. «Ez dakit zertaz ari zaren», aitortuko dizu.

Gauzak «perspektibaz» ikusita, konturatuko gara batzuetan guk geuk sortzen ditugula, geure buruan, hainbeste estutzen gaituzten kartzelak. Eta beharrezkoa da horiek eraistea, perretxikotan joatea eta eraztunaren beste aldean zer dagoen ikustea. Noizbait, gu ere han bizi baikinen. Eta ez dezagun ahantz, benetako kartzeletan gatibu dauden lagun asko baditugula oraindik, eraztun imajinarioen beharrik ez dutenak larri egoteko. Horien «perspektiba» da orain aldatu behar duguna.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo