GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

BERRI TXARRAK TALDEAREN BIRA

Harra erraietan, BTX Europara

Atzo «Barri» zen nafar rockaren errege, hemen eta orain, «Berri», hiru buruko piztia bihurtuta eta oholtza gosez, Europa leherrarazteko prest dagoena. Gorka Urbizu, David Gonzalez eta Galder Izagirre musikariak Lekunberrin topatu ditu GARAk, bira hastear. Guztira bost lagun izango dira errepidean, prest dute Mercedes furgonetatzar grisa. 500 metrotik gora eta negu giroan, hotz da herrian eta bero dira musikariak lokaleko zereginetan. Ondoko frontoian pilotan dabiltza gazteak, klak eta klak.

p010_f01.jpg

Anartz BILBAO | LEKUNBERRI

Iragan udan AEBetan Ross Robinsonekin grabatu eta udazkenean argitaratutako «Haria» -BTXen zazpigarren lana- apirilean zabaldu zuen Europan Graviton etxeak. «Badakigu zein den diskogintza tradizionalaren egoera -azaldu digu Urbizuk-, baina ilusioa egiten digu eta, gainera, uste dugu inportantea ere badela herrialde horietan izatea». Eta argitaratze horri esker, bira abiatuko du taldeak. Izagirrek kontatu digunez, «hitzarmen bat egin genuen diskoak banaketa duen herrialdeetan jotzeko, eta Gravitonek azpiegitura atondu digu. Aparte, gure kontaktuak erabili behar izan ditugu, sarea hedatu eta puzzlea osatzeko, ahalik eta gehien jo eta egun librerik ez izateko». Baita lortu ere. Taldeak hamazazpi hitzordu izango ditu bi aste eta erdian, etenik gabe; bihar Andorran hasi eta abenduaren 12an Estatu frantseseko Tolosan bukatu, tartean zazpi herrialdetan joz -horri aurretik Estatuan egindako hiru kontzertuak gehitu behar zaizkio-. Guztira, 7.000 kilometroko inguru, 400 eguneko.

Gonzalezen aburuz, «kanpora ateratzerakoan, talde guztien helburu nagusia ezagutzen ez zaituen publikoarengana gerturatzea da, zuzenean entzun zaitzaten; eta hori dugu helburu». Horretarako, diskoaren banaketa bezain garrantzitsua da BTXek egina duen bidea. «2003an jo genuen lehenengoz Europara -mintzo da Urbizu- eta geroztik bospasei aldiz izan gara. Rise Againsterekin egin genuen biran, esaterako, jende askok ikusi gintuen». Beraz, bide erdia egina dute jada. «Ezberdina da lehen aldiz joaten zarenean, Brasil edo Hong Kongera adibidez, nabaritzen da, emaitzak ez dira berehala ikusten, epe luzerako kontua da eta ez duzu Euskal Herriko harrera bera... baina disfrutatu egiten dugu».

Euskal Herriko aretoak sutan jartzera ohituta, bide berriagoak urratu beharko ditu hirukoteak. «Azkenean egia da badagoela erakarpen puntu bat ezezagun zaizun horretan. Egia da BTX ohitu egin dela `etxeko' dinamikara -aretoetan jende andana, zaleak kantu guztiak dakizki...- eta kanpora irteteak nolabait hastapenetara zaramatza: leku txikietan jo, non ezer ez dagoen ziurtatuta, ez antolakuntza ez agertuko den zale kopuruaren aldetik...», aitortu du Izagirrek. Txanda Urbizuk hartu dio, eta zera erantsi: «Kanpora irtetea... zurrunbilo horretatik ateratzea da. Etxean ere zerbait berria aurkeztu eta konbentzitu egin behar duzu zalea, bai, baina kanpoan fisikoagoa da, gertukoagoa. Ez gaituzte ezagutzen, eta lortu behar dugu itzuliz gero etor daitezela berriro gu entzutera!».

Horretarako bira ezin trinkoagoa antolatu dute, atsedenik batere gabekoa. «Fisikoki eta psikologikoki nahiko gogorra izango da -jarraitu du lekunberritarrak-. Hogei egunetan beste horrenbeste kontzertu... bada zerbait. Kilometro asko tartean, baldintzak ez dira aproposenak bira eroso baterako, furgonetan orduak eta orduak... baina badu abentura puntua». Gainera, atseden egunak direla-eta, oso arraroak suertatzen direla dio. «Biratik ateratzen zaituzte. Etxetik urrun zaude nekatuta, ez zaude turismoa egiteko ere... eta jotzeko beharra duzunean hartzen du denak zentzua».

Oreka

Zuzenekoak ematen dio indarra taldeari, eta zuzenekoek eraman dute BTX gora eta gora, euskal talderik nabarmenetarikoa izateraino. «Egia da taldea hazi den heinean erabaki gehiago hartu behar izan direla; ardura bat dago. Musikaz aparteko alderdiak ere garrantzia hartzen du, kudeatu beharra dago eta horrek nekea eragiten du», Urbizuren esanetan. «Baina ongi etorria izan dadila neke hori. Ez zaigu ahaztu behar pribilegio bat dela bizi duguna, eta presente dugu».

«Grina ez da bukatu, hazi egin da beharbada. Horixe da taldearen gasolina, eta ilusioa agortzen bada taldea bukatzeko tenorean izango gara», dio hirukoteak, aurki hogei urte beteko baititu -1994an sortu zen BTX-. «Saiatu gara taldea beti bizirik mantentzen». Izan ere, rock munduan erosotasuna arriskutsua dela begitantzen zaio Urbizuri. «Erronka 20 urteren bueltan fresko mantentzea da, zaleari oraindik erakargarri egiten zaiona eskaintzea eta sorkuntza aldetik formulak errepikatu baino aurrera egitea». Eta horrek ez dauka zerikusirik taldearen tamainarekin edo mugitzen duzun zale kopuruarekin. Izagirrek eta Gonzalezek ere nahiko argi dute kontua. «Atzera begiratzen dudanean nire bizitza erdia ikusten dut musikaren inguruan, beste kontu batzuk bazterrean utzita. Baina barruan daramadan birus bat da, nire bizitza orekatzen duena». Baxu jotzailearen hitzak baieztatzeko, «horren inguruko kantu bat egin genuen», argitu digu bateria jotzaileak -«Harra» (...gaitz hau da bizirik naizela sinistarazten nauen gezur hilkor, eder, alu bakarra...)-. «Ez dagoen momentuan, sumatuko da agertokietan ere, utzi beharko dugun seinale. Zuzeneko unean sentitzen duzunak erabat harrapatzen zaitu, berdin da oholtza handian edo taberna batean den, jende asko edo gutxi duzun aurrean... dena merezi du zuzenean jotzeagatik».

Berri Txarrak taldeak egun duen oihartzunak, gure tamainan bada ere, rock izarrak izatera eraman ditu taldekideak. «Eta nekatzen du modu batean [kideek Urbizuri so dira, berak erantzun dezan]. Oreka beharrezkoa da eta ni adibidez, lekunberritarra izanda, lasai bizi naiz hemen, beste herrikide bat baino ez naiz. Baina ez zaio buelta handirik eman behar, uste dut musikan zentratu garela beti, periferiak bazter utzita. Kantuak egin, hauek onak izan daitezela, baita zuzenekoak ere. Hori da BTX %95ean, eta horretan gure kritikari nagusiak gara».

Bisaia berriak

2011 ilun samarra izan zela entzun genion behin Urbizuri, «delikatua. BTX kolokan zen, eta aurrera egiteko erabakia hartu genuen, taldekide berri batekin. Musikalki ez ezik izaeraz ere bat egiten duzun... beti da apustu bat, zalantza handirik ez genuen arren. Eta ondo atera da». Kontuak horrela, «ez dut esango zerotik hasi ginenik, baina lokaleko lan mordoa egin genuen; maldan gora egin zitzaigun eta bagenuen gogoa, taldea oxigenatuta, material berria sortu eta erakusteko. Beraz, zuzenean jotzea genuen 2012ko erronka bakarra». Horretan buru-belarri izan da jada elkarrekin ehun zuzenekotik gora eman dituen hirukoa. «Zorte oneko gara, talde sentsazioa inportantea da eta publikoak ondo hartu du. Egonkortu eta hazi egin da BTX; grinak dirau eta gose da hemen jendea», diote guztiek ados. «Baita adarkatu ere -Urbizuk-. Hurrengo disko batean, eta zortzigarrena litzateke, kapaz izango ginateke bide ezberdin asko jorratzeko, interesgarria da hori».

Beraz, lan berria ikusiko dugu 2013an? «Ez daramagu urtebete ere `Haria' jotzen! -otsailean hasi ziren-. Printzipioz bira ez da bukatzen urte naturalarekin, jotzen jarraituko dugu eta etorriko dena etorriko da -bukatu du Gonzalezek-. Lehenengo eta behin, saiatuko gara bira honetatik etortzean elkarrekin jarraitzen!».

NAZIOARTERA

«Talde guztien helburu nagusia ezagutzen ez zaituen publikoarengana gerturatzea da, zuzenean entzun zaitzaten; eta hori dugu helburu»

BETI gazte

«Erronka 20 urteren bueltan fresko mantentzea da, zaleari oraindik erakargarri egiten zaiona eskaintzea eta sorkuntza aldetik formulak errepikatu baino aurrera egitea»

Sal de gira con Berri Txarrak a través de NAIZ

«Con vosotros... Berri Txarrak», se presenta el tour blog de la banda navarra en NAIZ, y es que se podrá seguir sin salir de casa en www.naiz.info/dossiers/btxeuropeantour del medio digital. Una ventana que ofrecerá el relato de cada etapa de «Haria European Tour» en primera persona, con fotos y detalles de la misma, para poder sentir que también nosotros viajamos miles de kilómetros, que también sudamos encima del escenario.

El tour blog está ya visible en la página web de NAIZ, con una entrevista en video, fotos y la agenda que contiene todas las fechas de la gira. El trío lo comenzará a alimentar a partir de mañana, fecha en la que inician viaje tocando en directo en Andorra.

El trío de Lekunberri entiende la iniciativa como «otra manera de mantener el contacto con los seguidores, un punto de información que, como aficionados, nos gustaría alimentar de la manera más cercana y amena posible». Con 17 actuaciones en otras tantas noches, «será difícil pues no tendremos mucho tiempo libre, pero intentaremos que resulte interesante».

A.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo