GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Ainhoa Etxaide, Edurne Larrañaga | LAB sindikatuko idazkari nagusia, LAB sindikatuko Euskara idazkaria

Lan eta bizi euskaraz egin nahi dugu

LAB sindikatuak, eragile aktibo den neurrian, lan munduaren euskalduntzearekiko konpromisoa garatzen du, euskararen normalizazioa ekintza sindikalean txertatuz

Gaurkoan euskaraz lan eta bizi nahi duen herritarrei zuzentzen gatzaizkio, norbere herrian bigarren maila- koa den eta diskriminatua dagoen euskal herritarrari, medikuaren ahotik diagnosia euskaraz jaso nahi duen herritarrari, hel- duen euskalduntze eta alfabetatzean gogotsu dabilen herritar kaltetuari, eskolaren bidez euskaldundua izan nahi duen herritarrari... eta bereziki, lan zentroetan euskararen normalizazioa bultzatzen duzuen langileei, lankideen arteko euskarazko komunikazioa sustatzeko «Euskara Aldizkaria» sortu duzuen metalgintzako langileei, errotulazioak euskaldundu dituzuen langileei, arduradun politikoen babesik gabe administrazioan euskaraz lan eta bizitzeko hautua egin duzuen langileei... zuei denei zuzentzen gatzaizkizue, egunerokoan euskarari hauspoa ematen diozuen milaka herritarrei.

Botere publiko zein instituzioen borondate ezaren aurrean, euskalgintzak buruturiko lana determinantea izan da euskararen normalizazioan eta aurrera egitea lortu dugu milaka herritarren gogo, ilusio eta borondateari esker. Kontseiluak 2012ko Batzar Nagusian «Euskararen gutxienekoak» zehaztu zituen, euskararen gutxiagotze prozesuari amaiera eman eta egoera iraultzeko ezinbestez bermatu beharreko oinarriak definituz. Inork gutxik egin zion muzin orduan adierazpenari; eta orain, zer? Gure iritziz, bi erronka nagusi ditu Euskal Herriak euskarari dagokionean, epe motzean irabazi beharrekoak: batetik, euskararen normalizazioari dimentsio politikoa eman eta burujabetza prozesuaren baitan kokatzea eta, bestetik, krisialditik aterako gaituen eredu berria euskaratik eta euskararentzat eraikitzea.

Erreforma kapitalista bortitz baten erdian gaude. Erreforma horretan, eta erreformaren ondorioz ezarri nahi den eredu politiko eta sozialean gure eskubideek ez dute inolako lekurik, ez herri eskubideek ezta hizkuntza eskubide edota eskubide sozialek ere. Erreforma hori eremu kapitalista osoan ematen ari da, baita gurean ere. Euskal Herria aldaketa fasean dago, aldaketa politiko eta sozial sakonak burutzen ari dira. Jokoan dago aldaketa horiek noren mesedetan izango diren edo aldaketa horien ondorioz zer-nolako Euskal Herria izango dugun. Hortaz, egun bizi dugun testuingurua, aukera berriak irekitzeko edota urrats berriak emateko baliatu behar dugu. Herri bezala etorkizuna erabaki eta eraikitzeko aukerak inoiz baino agerikoagoak dira; aldaketa garaiak dira eta Euskal Herriak aldaketak behar ditu. Aldaketa garaia den neurrian, aldaketaren norabidea dago jokoan; hots, egiten ari garen eta egingo dugun ibilbideak noraino eramango gaituen dago jokoan. Zinez uste dugu ibilbide hori elkarlanean egin beharrekoa dela, akordioetan oinarrituriko ibilbidea izan behar duela.

LABen iritziz, eredu berri bat eraikitzea da krisitik ateratzeko bide bakarra, eredu berri bat eraikitzea da gure eskubideak ziurtatzeko bide bakarra. Eredu berria burujabetza prozesu oso baten emaitza izango da. Horregatik argi dugu gaur eta hemen bi aukera besterik ez daudela: erreforma kapitalistaren prozesua nagusitzea edo burujabetza prozesua gailentzea. Edozein kasutan, ereduak ez dira neutroak eta gaur egiten dugunak etorkizunean eragina izango du. Gaur ereiten dugun haziak etorkizunean emango ditu fruituak. Beraz, burujabetza ekonomiko, politiko eta sozialera eramango gaituen ereduaren ezaugarriak zein baloreak zehazteko unea da, nazio eraikuntza estrategia bakarrean kokatu eta urratsak gaurdanik emateko.

Euskarak etorkizuna izango du Euskal Herri euskaldun baten baitan; hau da, eredu jakin baten baitan. Euskararen aldeko dinamikek arrakasta izango dute, euskararen normalizazioari balio politikoa ematen badiogu, eztabaidaren erdian kokatzen badugu hizkuntzaren normalizazio prozesua, herri estrategiaren baitan kokatzen badugu eta herri honen biziraun zein garapenean duen garrantzia aitortzen badiogu. Burujabetza prozesuaren baitan, euskararen normalizazioa zutabe gisa kokatu behar dugu, eta, bide horretan, akordioetan oinarrituriko bidea elkarlanean abiatu.

Bakoitzak bere esparrutik ahal duena emanez, euskal langile mugimenduak ere eragile eta aktibo izan behar du lan munduaren euskalduntzean. Langileok hizkuntza eskubideen jabe gara eta gure lan zentroetatik heltzen diogu erronkari; izan ere, langileok eskubidea dugu euskara ezagutzeko, gure lan jarduera zein lanbidea euskaraz burutzeko eta lan harremanak euskaraz garatzeko. Hauek guztiak eskubide pertsonalak (langile bakoitzarenak) eta kolektiboak (herriarenak, langileriarenak) dira eta gure lan postuetatik normalizazioa modu planifikatuan egiteko lan egiten dugu.

LAB sindikatuak, eragile aktibo den neurrian, lan munduaren euskalduntzearekiko konpromisoa garatzen du, euskararen normalizazioa ekintza sindikalean txertatuz. Batetik, euskara lan eta komunikazio hizkuntza izan dadin, sindikatuaren barne euskalduntzea zein erabileraren sustapena helburu dituen plangintza martxan jarri genuen. Bestetik, egunez egun, lan zentroetan euskararen normalizazioaren aldeko dinamikak garatzen eta hizkuntza eskubideen urraketak salatzen ditugu. Horregatik guztiagatik, abenduaren 1ean Donostian izango gara euskararen normalizazioarekiko konpromisoa erakutsiz, eta, abenduaren 2tik aurrera, lan zentroetan egoten jarraituko dugu konpromisoa praktikan gauzatuz. Egoerak eskatzen du, Euskararen Herriak behar du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo