Biharko manifestaldiari azken bultzada eman dio Kontseiluak
«Euskaraz bizi nahi dut» lelopean bihar Donostiako kaleak zeharkatu dituen mobilizazioari azken bultzada eman zioten atzo Kontseiluko bazkideek. Manifestaldiaren aurretik egindako kanpainaren balorazio positiboa egin eta martxaren azken xehetasunak argitu zituzten.
GARA |
««Mezua herritarren bizipenetan oinarritutakoa izan da eta herritarrei zuzendu diegu. Jendea identifikatu egin dela uste dugu eta herritarren aldetik harrera paregabea izan dugu». Paul Bilbao Kontseiluko presidenteak oso positiboki baloratu zuen atzo Donostian bihar ospatuko den manifestaldiaren aurretik egindako lanketa.
Kanpaina horretan herritarrek izan duten «zentralitatea» nabarmendu zuen Bilbaok: «Ikusi ahal izan dugu herri askotan herritarrek beraiek ekintzak egin dituztela manifestazioa sustatzeko. Autoantolatzeko gai izan dira herritarrak, irudimenez eta gogoz».
Herritarrenak, halere, ez dira manifestaldiak jaso dituen atxikimendu bakarrak: euskalgintzaren munduko izen nabarmenek, herri mugimenduek, sindikatuek eta udalek ere adierazi diote sostengua biharko manifestazioari. «Eskerrak herriz herri antolaketan ibili diren herritarrei eta euskalgintzako lankideei, hainbat hedabideei mezua zabaltzen egin duten ahaleginagatik, agerraldietan parte hartu duzuen euskaltzaleei. Zuen laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke biharkoa bezalako manifestaldia antolatzea», azpimarratu zuen Kontseiluko presidenteak.
«Euskaraz harro gaude»
Manifestaldiaren helburua argi dute antolatzaileek: «Euskaraz bizi nahi dugula esatera goaz. Nahi horretan harro agertuko gara eta gero eta gehiago garela adieraziko dugu». Kontseiluarentzat, biharkoa gizarte mugimenduen «inflexio-puntua» izan behar da: «Euskaraz bizi nahi dugun herritarrak indarra hartu eta gure jardunean berraktibatzera goaz. Aldaketa garaia dela eta aldaketa horiek emateko une ezin hobea dela uste dugu».
Manifestazioa 17.00etan abiatuko da Anoetako estadiotik. Madril hiribidea igaro ostean Urbieta kalera helduko da, azkenik Okendo kaletik barna Bulebarrean sartzeko.