GARA > Idatzia > Euskal Herria

Berotzeko zapi berdea jantzi eta jaiez gozatzeari ekin diote Ormaiztegiko harrikalariek

Maider IANTZI | ORMAIZTEGI

Herrian garrantzi handia eduki duen eskubaloi taldearen koloreak hartuz, letra zuridun zapi berdea egin zuten iaz, harrikalari baten irudiarekin, Ormaiztegikoak harri jaurtitzaileak baitira. Zapia berriro hartu, lepoan goxo-goxo jarri, eta, egunerokotasuna eta hotza alde batera utzita, Ander Deunaren jaiez gozatzen ari dira egunotan.

Aitor Iraeta Kultura zinegotziak argitu zigunez, gazteek sortutako Eleganteen Eguna ospatu zuten aitzineko asteburuan, baina bestak ofizialki atzo hasi ziren. Haurren Mozorro Eguna izan zen, «egun handia» ormaiztegiarrentzat. Umeen kalejira, ikurrin altxatzea, suziriak, zapia jartzea, erraldoi eta buruhandiak, helduen danborrada... Kalean negu giroa izan arren, egitarau oparoa zuten prest, «festak hasi direla esateko era bat». Berrikuntza gisa, gazteek txokolate jana antolatua zuten gaur goizaldean gosaltzeko.

Gaur patroiaren eguna dute, Ander Deunaren Eguna, kirolari eskainia bereziki, eguerdian herri kirol jaialdia eginen dutelako -lau aizkolari izanen dira lehian, Arrospide, Ugarteburu, Zaldua eta Iñaki Azurmendi, eta Mikel Saralegi harri-jasotzailea- eta arratsaldean pilota finala.

Egun honetako berezitasun bat bigarren urtez Ander Deunaren elizan eginen duten kontzertua da. Alberto Saez Puente piano jotzaileak eta Javier Cesar Muñoz Ciprian tenoreak goxatuko dituzte belarriak.

Bihar Mozorro Eguna izanen da, eta, Iraetak azaldu zuenez, 240 lagun inguru elkartuko dira bazkarian. Adin guztietako jendea mozorrotzen da egun honetan, kuadrillaka, bakoitza bere orgarekin, eta lehiaketa ere egiten dute. Azkenik, Ormaiztegin odolkiak egiteko ohitura handia dagoenez, janari honi eskainiko diote igandea. «Hiru harategi daude odolkiak egiten dituztenak, txapelketak irabaziak dituzte eta hemen 26. urtea dugu lehiaketa egiten dena. Historikoa da eta indarra du», agertu zuen Kultura zinegotziak. Odolkirik onena ez ezik, odolkiekin egindako platerik onena eta tipula, porru eta odolkiak prestatzeko osagaien posturik ederrena ere sarituko dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo