GARA > Idatzia > Kultura

Taldea sortu eta hamar urtera, «Zazpi kantoietan», Gatiburen bosgarrena

Hamar urte dira Gatibu taldea sortu zenetik, eta, bi urtetik behin diskoa argitaratuz, bosgarrenera heldu dira. Ñabardura askoko lana dugu «Zazpi kantoietan» hau: bertan aurki daitezkeen funky, folk edota country doinuek ez dute taldearen betiko izaera rockeroa ezkutatzen, eta, hala, Gatiburen soinu berezia aurkituko dugu beste behin ere. Labur-labur esanda, dantzarako gogoa eta bizipoza pizten dituen disko indartsua da. Abenduaren 5ean, Durangon, hasiko dute aurkezpen bira.

p042_f01_153x105.jpg

Alvaro HILARIO | BILBO

Arrosa kolorekoa da «Zazpi kantoietan» (Baga-Biga) diskoaren azala; egungo egoera ekonomikoari zein negu giroko eguraldi grisari gailentzeko bultzadatxoa. «Euskal Herriak alaia izan behar du», esan zuen Haimar Arejita Gatiburen gitarra jotzaileak, diskoaren aurkezpenean.

Kolorea ez ezik, gure aldartea aldatzeko borroka gozo honetara musika ere ekarri du Gatibuk, herri oro dantzan jartzeko gai den rocka. Baga-Biga diskoetxeko Ritxi Aizpururen aburuz, «berezko indarra» dario ñabardura askoko «Zazpi kantoietan» diskoari. «Dantza egiteko rocka, edota, Alexek esaten duen bezala, rock-dancea, rock gogor ukituak, funkya eta riff itsaskorrak» dira nagusi Gatiburen bosgarren diskoan.

Bi isuri

«Zazpi kantoietan», zazpi kanta eta Zazpikaleetako Lasai kulturgunean egindako aurkezpen ekitaldia: zenbaki magikoaren babespean omen dator bi isuriko disko hau. «Bada alde bat, hiruzpalau kantak osatua, non funky ukituak nabariak diren; eta bada beste alde bat horrekin zerikusirik ez duena, country edota hegoaldeko rock oihartzunak dakartzana. Baten batek kontrakoa pentsa dezakeen arren, guretzat ez dira gauza kontrajarriak», esan zuen Haimarrek. «Ez dugu nahita egin: horrela atera zaigu».

Bi isuri horiek diskoaren diseinuan bertan islatzen dira: tabernako ahozapi gisa diseinatutako azalean, nabariak dira edalontzi baten arrastoak, euskal rock eta parranda aztarnak; letrek, ordea, Neil Youngen «Harvest» diskotik ateratakoak dirudite.

Ekarpen asko jaso dituen lana da. «Kantak egiterakoan denok egiten ditugu ekarpenak; denon artean sortzen dugu Gatiburen soinua», azaldu zuen Alex Sardui abeslariak. Hainbat estilo, hainbat ukitu eta dena taldearen betiko izaera rockeroaren baitan. Kontzertuetan jotzeko pentsatutako kantak dira, errepertorioa aberastea xede dutenak. Izan ere, asko dira dagoeneko hitzartuta dituzten kontzertuak: abenduaren 5ean, Durangon; abenduaren 29an, Bilbon; 2013ko urtarrilaren 11n, Bermeon; eta, urtarrilaren 12an, Gasteizen.

Gernika, rockeroagoa

Hamar urte bete ditu Gatibuk, baita Gernikako Trinkete Antitxokoak eta herriko taldeak batzen dituen Iparragirre Rock elkarteak ere. Talde mordoa, gero eta gehiago, agertu dira horien eta gaztetxearen itzalpean. Gernika lehen baino rockeroagoa izateko akuilu izan al da Gatibu? «Jarraitzaile asko ditugu Gernikan; oso ondo tratatzen gaituzte etxean. Herrian musikari ugari gaude; kontzertuetan elkarri adi-adi izaten gara eta laguntza ematen ere saiatzen gara», nabarmendu zuen Haimarrek. Gainera, etorkizunera begira, Gernikan jaialdi gehiago egiteko aukera izango dela aurreikusten dute Gatibuko kideek, bai Astran bai Iparragirre Rock taldeak zabalduko duen areto berrian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo