Torturatu guztientzat «egia, justizia eta erreparazioa» aldarrikatu dituzte
Euskal Memoria Fundazioaren «Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian» lanaren aurkezpena torturaren aurkako aldarrikapen ozen bilakatu zen. «Gaitzespen generikoetatik» harago, erantzukizunak argitu eta tortura ezkutatzetik eta ukaziotik urrundu behar dela nabarmendu zuten «Euskal Herriaren bakeak eta askatasunak» hala eskatzen duelako.
Maider EIZMENDI | DONOSTIA
Jendetsua, jendetsuegia tamalez. Tortura euren azalean edo euren senideenean bizi izan duten ia berrehun lagun. Huraxe atzo kasualitatez baino kausalitatez Intxaurrondon, Guardia Zibilaren kuarteletik metro gutxira, egin zen agerraldiaren irudia. Euskal Memoriak «Oso latza izan da. Tortura Euskal Herrian» lana aurkezteko deitu zuen agerraldia, eta, ezinbestean, torturaren aurkako deiadar bilakatu zen.
Julen Arzuaga abokatuak, Euskal Memoria Fundazioaren ordezkari gisa, 4.500 tortura testigantza baino gehiago bildu dituen lanaren atal eta edukiak azaldu zituen. Lanak torturaren fenomenoa «modu integralean» landu du. Arzuagak memoriaren aldeko ekarpen honetan testigantza kolektiboa egiten saiatu direla nabarmendu zuen, «fenomeno kolektibo batena»; izan ere, «oroitzapena kolektiboa izango da edo ez da izango».
Unai Romanok, Egiari Zor Fundazioaren izenean, lan honen ostean tortura salbuespeneko zerbait dela esatea oso zaila izango dela iritzi zion. Azalean pairatu zuen Romanok tortura eta bere eta indarkeria mota hau jasan duten pertsonen izenean «egia osoa azaldu, arduradunak seinalatu, espainiar Estatuaren ardura azpimarratu eta inpunitatea amaitzeko urratsak» exijitu zituen: «Ez dugu nahikotzat jotzen torturaren kontrako gaitzespen generikoak egitea, torturatu gaituztela onartzeak izan behar du duintasunaren abiapuntu». Hala, bildutakoen izenean, «torturatzen dutenen, hura posible egiten dutenen eta errealitate hau gezurtatzen dutenen» erantzukizuna salatzeko prest agertu zen. «Euskal Herriaren bakeak eta askatasunak tortura ezkutatzeko eta ukatzeko zitalkeria behin betiko amaitzea eskatzen du», ohartarazi zuen.
Tortura salatzearekin batera, Romanok bide horretan hartu beharreko beste neurriak zerrendatu nahi izan zituen: «Estatuak bere erantzukizuna onartu behar du, torturatutako pertsonak aitortu, kaltea erreparatu eta Egiaren Batzordearen eraketa ahalbideratuz torturaren egia osoa ezagutarazi eta justizia bidean jartzeko konpromisoak egikaritu». Erronka ere jarri zuen: «Torturatu guztientzat egia, justizia, erreparazioa eta errepikatuko ez den bermea lortzea».
Torturaren Aurkako Taldearen izenean, berriz, Lorea Bilbao mintzatu zen, eta oraindik orain torturak bizirik dirauela gogoratu zuen, aurten bertan salaketa berriak izan direlako. Inkomunikazioaren amaiera aldarrikatu zuen Bilbaok eta Romanok aipatuko Egiaren Batzordeak erakundeen babesa izan behar duela ohartarazi zuen: «Sor dadin interesa izan behar dute, eurek finantzatu behar dute, baina independentea izan behar du».
Osatu duten txostenaren inguruko informazioa Euskal Memoria Fundazioaren webgunean (www.euskalmemoria.com) dago eskura eta liburua bera Durangoko Liburu eta Disko Azokan izango da salgai.