LITERATURA
«Mezuz kargatuegi dago batzuetan haur eta gazte literatura»
Idazlea
Errenterian jaioa, Parisen ikasi eta Filosofian lizentziatu zen 1973an. Egun haur eta gazte literaturako euskal idazle oparoenetarikoa dugu; hizkuntza askotara itzuli dute eta nazioarteko sariak lortu ditu. 2007an «Festa aldameneko gelan» autobiografia idatzi zuen. Web ataria du: Mariasunlanda.net.
Anartz BILBAO | BILBO
Durangoko Azokaren atalasean, bi argitalpen berri dakartza Mariasun Landak haur eta gazte literaturaren alorrean, «Marikanta eta inurriak» (Erein) Jokin Mitxelenaren ilustrazioekin eta «Maitagarria eta desioa» (Elkar) Maite Gurrutxagaren marrazkiekin. Idazlearekin berba egiteko aitzakia gisa hartu ditugu liburuok.
Aspaldiko «Txitxarra eta inurria» fabula dakarzu «Marikanta eta inurriak» ipuinean.
Esoporena Kristo aurrekoa da, pentsa zein zaharra! Gure iruditegi kolektiboan oso hedatua dagoen alegia da, batez ere XVII. mendean La Fontainek eman zuelako. Beraz, gaia nolabait unibertsala da eta literatura klasikotik datorkigu; gainera gaurkotasun handia du, edozein unetan erreferentziak aurkitzen ditugu-eta: nola dirua aurreztu behar dugun gerorako... aurkako adibide txitxarra jarrita, kolpe zorrik jo gabe bizi dena.
Zure berrirakurketan ez da irakaspenik, baina, aldiz, pozik dira inurriak zein txitxarra.
Fabula guztiek dute bukaeran irakaspen nabarmena. Eta horren inguruan jokatu dut: txitxarrak negua pasako du inurritegian inurriei kantatzen irakasten abesbatza lehiaketa batean parte hartzeko -gezurtxoa da, horrelako lotsagabea baita bera-. Baina udaberria heldu bezain pronto alde egingo du, txitxarrak diren bezalakoak dira-eta. La Fontainen bertsioan, eta oso moralizanteak ziren XVII. mendean, txitxarra gosez hiltzen uzten dute, aurretik ez duelako bere etorkizuna zaindu. Beti pentsatu izan dut alegia gogorra zela. Baina hain aspaldikoa den Esopo grekolatindarraren fabulan ez da horrelako bukaerarik: inurriek sermoia bota baina bukaeran jaten ematen diote txitxarrari. Kuriosoa egin zitzaidan gure artera zabaldu dena bertsiorik moralizante eta krudelena izatea.
Ipuinen ohiko irakaspenari muzin egiten diozu, beraz.
Haur eta gazte literaturaren zama izan da beti haurrei irakatsi behar zaiela zerbait; oso zaila egiten zaigu pentsatzea irakur daitekeela soilik plazerarengatik. Helduaren helburua beti da literaturaren bidez umeak heztea. Gertatzen dena da alegiek duten mezu moralizante esplizituak oso gaizki ikusita daudela, eta, beraz, horren partez helburu pedagogikoak dituzten mezuak bideratzen direla ipuinetan -gizarteak momentu batean zein balio dituen moduan ulertuta pedagogia-. Alde batetik ez dago gaizki, baina batzuetan kargatuegi egoten da haur literatura mezu didaktikoekin, zerbait erakutsi nahiarekin.
«Maitagarria eta desioa» ipuinean, berriz, desioaz eta eternitateaz mintzo zara.
Maitagarriak desio bat eskaini dio lagundu dion neskari, eta honek hurrengo egunean etortzeko esaten dio, eta hurrengoan... Argi nuen hasieratik luzatze hori izango zela ipuina, nola pasa daitekeen bizitza guztia desioa eskatzeke, hain zuzen ere nahi duzuna desiratzea delako. Eta momentu batean irakurri nion Gilles Deleuzeri bazegoela gure desioak ez betetzea baino gauza okerragorik: desiratzeari uztea. Eta horrela da, bestea baino konpexuagoa den ipuin hau bat dator izpiritu horrekin. Bestalde, maitagarria irudi klasikoa da, inoiz nire ipuinetan agertu ez dena eta denborarekin jokatzeko modu berri bat eskaintzen zidana. Maitagarriari ez zaio denbora pasatzen, hilezkorra da eta eternitatea adierazten du. Beraz, berdin zaio zuk desio hori eskatzen duzun ala ez, eta, bitartean, protagonistaren heriotzaraino heltzen den istorioan zenbait gauza gertatzen dira, gaur egungo egoerarekin lotuta: ziurgabetasuna, desilusioa, krisia... Fantasia testuinguru batean baina errealismo kritikoz.
Bi ipuinak, ohi bezala, ilustrazioekin lagunduta aurkeztu dituzu.
Beti pentsatu izan dut ilustratzailea ipuinaren lehenengo irakurketa egiten duena dela, eta errespetua zor zaio horri, beste artista baten irakurketa da-eta. Asun Balzolarekin, adibidez, lagun minak ginen eta tandem sakona osatzen genuen, gure estetikak antzekoak ziren-eta. Jokin Mitxelenaren kasuan, zoragarria da umorea lantzen ilustrazioetan, eta ziur nengoen oso ondo adieraziko zuela ipuinaren umorea, umore handiko ipuina da-eta. Maite Gurrutxaga gutxiago ezagutzen dut, baina lehen ere egin genuen elkarrekin liburu bat eta banekien irakurketa interesgarria egingo zuela, nahiz eta nik barruan dudan maitagarria ez agertu.
Mariasun Landak eskolak ematen ditu Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Irakasle Eskolan (Donostian); haur eta gazte literaturaren didaktika eta antzeko gaiak irakasten ditu hain zuzen ere. Eta ikasle dituenekin izaten duen hartu-emanean, konturatzen da nola doan aurrera denbora: «Belaunaldien arteko amildegia agerikoa da. Komunean ditugun irudi edo erreferentziak aurkitzea zaila da; telebista gehiago ikusi beharko nuke beraien erreferentziak ezagutzeko».
«Ikasleei hasieratik esaten zaie liburu klasikoak irakurri beharko ditugula, eta irakurtzen ditugu. Horrela konturatzen dira ezagutzen zuten haur literatura oso moldatua izan dela; Walt Disneyren bertsioa da ezagutzen dutena: `Pinotxo', `Sirenatxoa' edo `Aliceren abenturak mundu miresgarrian' izan. Nire lana izaten da bertsio horiek baztertu eta jotzea benetan klasiko horiek ezagutzera. Eta irakurtzen dituztenean ikusten dute zein diferentzia dagoen, eta berehala gustatzen zaizkie, kontu asko deskubritzen dituzte-eta. Mundu bat irekitzen zaie aurrean eta harrituta gelditzen dira, liburu ederrak direlako. Haur eta gazte literaturan altxor ugari dago», azaldu du. A.B.
«Oso zaila egiten zaigu pentsatzea irakur daitekeela soilik plazeragatik. Helduen helburua beti da literaturaren bidez umeak heztea»