GARA > Idatzia > Kultura

HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Bihotz mina

p055_f02.jpg

Asun AGIRIANO

“Elur-antzara” Donostiako argitaletxe berri baten aurreneko liburua da. Papereko bertsioaz gain, e-liburu eta audioliburu formatuan ere eskura daiteke. Egoera zailetan jaiotzearen garrantzia azpimarratu nahiko nuke, izan ere, krisiaren ondorioz ekimen sortzaileak urritzen doazela dirudien arren, inguruan badaude liburuak kaleratzeko ausardia erakusten diguten argitaletxe berriak. Produkzio apala izanda ere, molde berriak bilatzen eta liburuak ezagutarazteko kemena agertzen duen iniziatiba da Hamaika Books-ena. Ongi etorria izan dadila, beraz.

“Elur-antzara” 1941eko narrazioa da, eta, bertan oinarrituta, “The snow goose” izeneko pelikula estreinatu zen 1971n. Elur-antzara.com webgunean aukera eskaintzen dute irudiz hornitutako bideoa ikusteko, baita filmaren zati bat ere.

Narrazio laburra izanagatik, gai interesgarri anitz garatzen dira irakurketak aurrera egin ahala: bakardadea, amodioa, bazterkeria, gerra eta natura dira azpimarragarrienak.

Bakardadean eta gizartetik urrun, itsasargian bizi da Philip Rhayader margolaria, gorpuzkera bitxiagatik inguruan mesfidantza eta arbuioa sortzen dituena. Baina mundutik alde egin duen arren, gizon sentibera eta bihotz handikoa da. Hegaztiak biziki maite ditu, eta ehiztarien armek zauritutakoak etxean hartu eta zaintzen ditu, baita lokazti handietan preso geratu direnak ere. Gizon handi honen besoetan hartzen dute babesa eta atsedena.

Maitasun harremana sortzen da Fritha neskatilaren eta Philip beraren artean. Itsasargian aterpe hartu duen elur-antzara berezi batek lotzen ditu biak, animaliaren metaforak batzen ditu bien nahiak.

Bigarren Mundu Gerran kokatzen da istorioa, Dunkerqueko ebakuazio entzutetsuan. Ane Urrestarazu itzultzailearen oharrak lagungarriak dira irakurketan aurrera egiteko eta historiako pasarte interesgarri hau hobeto ulertzeko.

Liburuaren estetika ere berezia da, edizioa zaindua da oso. Esaterako, gurean ez da ohikoa argitaletxe batek ilustrazioei hainbesteko pisua ematea. Aitziber Alonso ilustratzaileak hartu duen lana izugarria da: koloreen garrantzia eta paisaiak narrazioan duen indarra nabarmendu beharrekoak dira. Haizeak kulunkatzen dituen belarrak, paraje hondatuak; «Itsasoak lurra hartu du, gatzaga lokaztia bihurtu du», dio narratzaileak.Gerra eta hondamenak sortzen duen bihotz min hori ondo islatua geratzen da marrazkietan. Liburuari darion malenkonia tonua areagotzea lortzen dute Aitziber Alonsoren irudiek.

Gerrak dakartzan galeren inguruko istorioa da. Finean, sentimenduzko istorio tristea, hunkigarria, gazi-gozoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo