NARRATIBA
Ageriko sekretua
Iker ZALDUA
Badira gurean ezkutuan garatu eta oharkabean isiltzen diren kontuak. Badira berariaz ezkutatu nahi direnak eta isilarazi egiten direnak. Badira eta egongo dira. Albistegiak irekitzen dituzte egun batez eta, ondoren, lausotu egiten dira denborak itota. Harkaitz Zubirik kontu horietako bat ekarri digu “Etxekalte” narrazioan, amiantoa zehazki esatera, edo amiantoaren eraginak, hilgarriak zenbaitetan.
Anaitasuna SA enpresa gainbeheran doa eta langile zenbait ageriko sekretu bat azaleratzeko ahaleginean dabiltza, amiantoa eta produktu mineral horrekin lotutako balizko heriotzak. Sekretuari geruzak kendu ahala bestelako kontu ilunak ere agertzen dira, diru mugimendu susmagarriak eta opari eskuzabalegiak kasu. Biluzten ari da enpresa eta biluztu egiten dira liburuko protagonista ezberdinak, Josu, Herrera eta Etxebe, Nora edota Aingeru.
Josu aita zena amiantoak eraman zuelakoan dago. Susmoa uste eta ustea uste osoa bilakatzen da eta berehala berrespena bilatzeko ikerketa abiatzea erabakitzen du. Nora neskalagun ohiari laguntzeko eskatzen dio eta azkenean amore eman eta prest azaltzen da. Herrera eta Etxebe elkarrekin bizi dira eta bigarrenak aipatu enpresan egiten du lan. Berehala harrapatuko du ikerketaren zurrunbiloak, kale gorrian geratzen den arte. Aingeru enpresaburuaren semea da, Chicagon bizi da, baina aitak handik ekarri eta enpresan sartu nahi du.
Bost pertsonaia dira, bakoitzak bere ibilbidea, istorioa eta historia duena. Amiantoaren bidegurutzean elkartu eta bakoitzaren miseriak azaleratzen dira. Harreman-sare horretan nahasten dira eta hor eraikitzen da narrazioaren egiazko trama, norberaren garaipen eta porrotek osatua.
Narratzailea orojakilea da, hara eta hona mugitzen ditu pertsonaiak, irakurlearen arreta batera eta bestera eramanez. Liburuak bi zati ditu, nahiz eta ez dagoen bataren eta bestearen artean haustura handirik, bigarrena lehenengoaren jarraipena dela esango nuke. Egiaz, lehenengoan protagonistak aurkeztu eta irakurleari kokatzeko aukera ematen dio. Bigarrengoan hariak katramilatzen hasten da eta irakurlea lanean jartzen du. Zati bakoitzean atal ezberdinak daude, eta, bakoitzean, protagonista batengana garamatza. Ezkutuan eta oharkabean hariak lotzen eta trama askatzen ari da. Egitura horrek bizitasuna ematen dio erritmo berez motelari, zenbaitetan nahasmena ere bai.
Trama profesionala eta trama pertsonala. Bakardadea da ezkutuan azaleratzen den beste gaietako bat. Guztiak bakarrik sentitzen dira eta adinean gora egin ahala, denbora igarotzen den heinean, bakardade hori areagotu baino ez da egiten. Guztiek dute besteekin egoteko asmoa, baina, aldi berean, guztiek uko egiten diote besteari, bakardade hautatua dute amets, baina bakardade gordinera bidean amiltzen dira. Telefono mugikorra erabiltzen du horren ikur gisa Harkaitzek, zerrenda luzea bai, baina hitz egiteko inor ez. Deiak asko, galduak gehienak.
Errealitate beltza Anaitasuna SA enpresan eta errealitate iluna Donostian. Bertan kokatzen baitu istorioa, bere sorterrian. Horrek gertutasuna ematen dio errealismoari, norberak ikusiko du ezkutatu eta isildu egin nahi duen, edo telefonoa hartu eta inori azaleratuko dion.