GARA > Idatzia > Kultura

«Desentxufatuak» lanak eraman du Lekeitioko Zilarrezko Antzara

Lekeitioko 35. Zine Bileran David Bernuesen «Desentxufatuak» filma gailendu da. Orotara euskarazko 30 lan aurkeztu dira edizio honetan lehiaketara, antolatzaileen hitzetan, ikus-entzunezkoen arloak Euskal Herrian izan duen «gorakadaren isla».
p052_f04.jpg

A. A. | LEKEITIO

David Bernuesen «Desentxufatuak» lana izan da, 35. Euskal Zine Bilerako epaimahaiaren iritziz, lehiaketako lehen postua merezi izan duen filma, eta, beraz, aurtengo Zilarrezko Antzara nagusia eraman duena.

Guztira euskarazko ikus-entzunezko 30 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta, atzo Lekeition egin zen amaiera ekitaldian frogatu ahal izan zenez, kalitate oneko lanak izan dira aurtengoak, «Euskal Herrian ikus-entzunezko lanek izan duten gorakadaren isla», antolatzaileek nabarmendu zutenez. Horren erakusle, amateurren sailean aurkeztu diren zenbait lanen «profesionaltasun maila» azpimarratu zuten antolatzaileek.

Jaialdiaren ostean, Urko Aristik aurkeztutako gala «arrakastatsua» izan zela baieztatu zuen antolakuntza lanean aritu den Joseba Zuberogoitiak, eta ikusleen erantzun bikaina ere nabarmendu nahi izan zuen. «Jende fidela dugu; nahiz eta eguraldi kaskarra izan, jendea gugana hurbildu da lanak ikustera eta egileei babesa ematera».

Hurrengo urteko edizioari begira, dagoeneko lanean ari direla azaldu eta egile guztiei gonbidapena luzatu nahi izan zieten, «zuon lanak edo proiektuak errealitate egin eta denon Zine Bilera den honetan parte har dezazuen».

Aurtengo edizioaren amaierako ekitaldiarekin batera banatu zituzten, bestalde, Benito Ansola sariak. Topagunea euskara elkarteen federazioak sariok banatzen dituen bigarren urtea da, eta, edizio honetan, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxori egokitu zaizkie, «Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa» proiektuagatik.

Proiektu berriak

Topagunearen saria eskuratu duten gazteek 4.000 euroko aurrekontua izango dute, hurrengo urteko ekainean film labur bat aurkeztu ahal izateko.

Sari hau, Zine Bilera bera bezala, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizleei laguntza eman eta beraien lanen erakuslehio izateko sortu zen.

Informazio gehiagorako, sartu www.zinebilera.com eta www.kameratoia.com/benitoansola atarietara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo