GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | «Euzkaraz bizi nahi dugu»

Etorkizuna euskararena dela erakutsi du Donostiako martxak

Goizetik gauera, iparraldetik hegoaldera, goitik behera, euskaraz bizi nahi dutela adierazi zuten atzo milaka herritarrek Donostian. Euskaraz BIZI, hizki larriz, handira jokatzen baitute, harrotasunez bizi nahi baitute. Euskaraz mintzatuz etorkizuna eraikitzen ari direla agertu zuten, eta martxan zenbat haur zegoen ikusita, geroa euskararena dela garbi gelditu zen.

p002_f02.jpg

Maider IANTZI

Negu gorriko eguna zen, baina Negu Gorriak taldea erreferentzia hartuta, «Euskalduna naiz eta harro nago» abestiaren letra islatu zuten Anoetatik Bulebarrerako bidea egin zuten herritar guztiek. «Harrotasunez aterako gara euskaraz bizitzeko hautua egin dugula adieraztera. Orain, dagokionak jakin beharko du zer neurri hartuko duen guk gaur hemen adieraziko dugun nahi horri erantzuteko. Errepara diezaiotela euskaraz bizi nahi duen herri honi. Guk gure lana, geure hautua pasioz eta determinazioz egiteko asmoa daukagu, baina beste batzuek neurriak hartu beharko dituzte benetan euskaraz bizitzeko ahalik eta arinen». Hitz horiekin eman zion hasiera Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak manifestazio jendetsuari.

Aitzinean, herritarrak zihoazen, bakoitza kartel batekin eskuan: «Euskaraz jolastu nahi dut», zioen mutiko baten mezuak. «Euskeraz biher egin gura dut» eta «Euskaraz gozatu nahi det» ere irakur zitekeen. Pegatinak eta oihalak banatzen ari ziren eta ikusminez zegoen jendetzaren begiradapean pankarta zabaldu zuten: «Euskaraz bizi nahi dugu». Jasone Mendizabal, Sebastien Castet, Arritxu Zelaia, Koldo Tellitu, Paul Bilbao, Oskar Elizburu, Igone Lamarain, Joanmari Larrarte, Mikel Arrizabalaga eta Joserra Olanok eraman zuten pankarta, gibelean erakunde, sindikatu eta euskalgintzako ordezkariak zituztela, eta herritarrez osatutako suge luzea, suge gaztea, hamaika zirelako haur txikiekin euskararen aldeko bidea egin zuten familiak. Haur kotxe ugari ikusten zen, neska-mutikoak patinetean, pandero doinuekin dantzan...

Guraso gazte horietako batek adierazi zigunez, umeak izatean gehiago sentsibilizatzen da jendea, txikiengatik, euskaraz bizitzeko egunerokotasunean dauden oztopoak izan ez ditzaten. Hala azaldu zuen ama batek, Donostiako Itziarrek, bukaerako ekitaldian: «Euskara ez dut etxetik jaso, baina hala ere nire gurasoei zor diet euskararen unibertsoan sartu izana. Seme-alabek euskaraz ikastea aukeratu zuten eta ikastolak ireki zidan euskararen unibertsorako nire lehen atea. Gero, lagunekin, lanean, bikotean, familian unibertso hori zabalduz eta aberastuz joan da. Unibertso oso bat ematen dit euskarak, gure ingurua, gure egunerokotasuna ulertzeko modua. Eta aurrerantzean ere horrela izatea nahi dut, guretzat eta baita ondorengoentzat ere».

Kiosko inguruan bildutako zahar eta gazteak identifikatuta sentitu izanen ziren segur aski Itziarrek aipatu zituen traba batzuekin. «Gaur goizean bertan taberna batera joatean kafesne bat hartu nahi eta café con leche bat hartu behar izan dut. Zenbatetan tokatu zait medikuarekin euskaraz ezin komunikatzea edo pediatrarekin itzultzaile lanak egitea! Sarritan egin behar izaten dut salto leihatilatik leihatilara euskaldun bat topatu arte. Egoskor jartzen naiz halakoetan, eta hala behar dela uste dut. Azkenaldian, gero eta euskaldun gehiago topatzen ditut eta horrek sekulako indarra ematen dit aurrera jarraitzeko».

Paul Bilbaoren mezua ere baikorra izan zen: «Ez da oztopoak zerrendatzeko eguna. Gaur harrotasunerako eguna da». Erran zuenez, erakutsitako euskaraz bizitzeko nahiak gure hizkuntzaren berreskurapen prozesua azkartu behar du. «Bizitzeko nahiak ekarri du euskara gaur egunera, eta bizitzeko nahiak eramango gaitu berreskurapenera». Horretarako «erabaki ausartak» hartu behar direla ohartarazi zien politikariei, baina norbanako bakoitza ere eragile izan daitekeela nabarmendu zuen. Berari, behinik behin, atzoko Donostiako argazkiak hori sinesteko milaka arrazoi eman zizkion, lagun bakoitzeko arrazoi bat. «Gure hitzak, esan berriz esan, ez daitezela ahaztu, ez daitezela gal», kantatu zuten bi ahots goxok ekitaldian. Hitz horiek ez direla ahaztu, ezta ahaztuko ere erakutsi zuten, eta animo eta indar mezu bat zabaldu: «`Euskaraz bizi nahi dut' antzinako ekimen arrakastatsua izan zela gogoratuko dugun egunera iritsi behar dugu». Txalo zaparrada batekin eta Esne Beltzaren «Euskaraz bizi nahi dut» kantarekin saltoka eta dantzan bukatu zen ekitaldia.

Euskaraz ikasi

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoan, baita Nafarroako eremu jakin batzuetan ere, euskaraz ikasi ahal izateko kilometro ugari egin behar dituzten familiei babesa emateko baliatu dute manifestazioa, izugarrizko esfortzua egiten dutelako.

Gaia, lehen planoan

Jende ezberdin pila bildu du mobilizazioak, normalizazio prozesua herri oso batek bultzatu beharrekoa delako. Aitziber Martinez de Lagos Sortzen Ikasbatuazeko koordinatzaileak argi azaldu du: «Behingoz gaia lehen planoan jarri da».

Oraindik, beharrezkoa

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak «erabat beharrezko» ikusten du oraindik mobilizazioa, Euskal Herrian euskaraz bizitzea gaur egun ez delako posible. Gipuzkoako Foru Aldundia lanean ari da zerbitzu guztiak euskaraz emateko.

Euskalgintzaren ekarpena

Euskalgintzak azken hamarkadetan egindako ekarpenarekin oso harro agertu da Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusia: «Pentsaezinak izan zitezkeen tresnak sortu ditu euskalgintzak euskaraz bizitzeko».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo