Fredi Paia Bertsolaria
Gibelurdinek
Asperturik gaude munduko leku guztietan musika globalizatu bera entzuteaz. Herri musika sentimendu adierazien memoria da, inperioaren uniformizazioaren aurkako tresna, gure aurrekoen eta ondorengoen bitarteko zubia
Musika izan liteke naturaren funtzionamendua ondoen azaltzen duen gauza. Eta natura diodanean, guztia diot. Planeten posizio eta orbitak, uraren eta ilargiaren arteko jolasa, pertsonak barrutik suntsitzen dituen amorrua, begi keinu batekin adierazten den ezkutuko informazio uholdea.... Guztia da desoreka partzialek osatzen duten armonia izeneko oreka orokorra. Eta armonia hori da musikaren arau nagusia, bere espiritua.
Armonia ezberdin ulertzen dugu kultura ezberdinok, baina berdin sentitzen. Lugdin Van zaharra konpositore gorra izatera heltzea adibide ona da, entzun ez baina sentitu daitekeen zerbait dago musikaren atzean, guztiari zentzua ematen diona.
Behin hori ulertuta, zaila da denbora luzez egotea musika-tresna bat eskutan hartu barik. Musika-tresnek bizitzaren beste alderdi bat erakusten dizute. Lehen soinua magia da beti ere, poz bat, ezerezetik zure parte-hartzearen bitartez sortzen den zerbait. Gero bigarrena dator, hirugarrena.... Orduan kontzeptu berri bat dator, lanaren eta gozamenaren arteko tratua. Hasieratik gozamen iturri den perkusiotik lehen urtea igaro arte musurik ematen ez dizun biolinera, eta aldrebes. Horren ostean dator bakoitzaren sakontasun gaitasuna, baldintza batekin, bakardadea. Musikan, salbuespen bat kenduta, bakardade orduak dira aurrera egiteko modu bakarra. Bizitza honetan barrutik handiago egiten gaituzten gauza guztietan legez. Noiz arte? Bakardadea deitzen diogun hori gu garela konturatu arte, hau da, nor bere buruarekin egoten, entzuten, ulertzen, gozatzen....autoezagutzan etengabe sakontzen ikasi arte.
Behin bide hori eginda ederrena dator, lagunak, zuk lortu duzun koloreari eurena gehitu eta ostadarra erakusten dizutenak.
Gure kasuan lau gara, Ekain, Josu, Katxo eta laurok. Trikitixa, gitarra, alboka, biolina, kaxoi flamenkoa, txakarak, euskal txirula, musu-gitarra, ahotsak.....
Kantauri itsasertzeko mendi magal batek elkartu gintuen. Aurretik bakoitzak bere kabuz ezagutzen zuen kalea, eta garrantzitsuagoa dena, kalean jotzea zer den. Ijitoak legez, hemendik hara, gutxietsiak gehienetan, baina gureaz harro.
Eguenero, Jakobena Zaharreko kanpoaldean, itsasoari begira jarri, jotzeari ekin eta mozorroturik kaleak iraultzea zen gure helburu bakarra. Ur ertzera «SUA» filma heldu zen arte. Soinu-banda egiteko eskatu ziguten, eta geuk ez diogu sekula abenturari ezetzik esaten.
Behin lanean hasita gelditzea kostatzen zaigu, eta soinu bandatik 22 kantako disko-liburura egin dugu jauzi. Asperturik gaude munduko leku guztietan musika globalizatu bera entzuteaz. Herri musika sentimendu adierazien memoria da, inperioaren uniformizazioaren aurkako tresna, gure aurrekoen eta ondorengoen bitarteko zubia.
Finlandia, Balkanak, Bretainia, Irlanda, Okzitania, Euskal Herria, Italia..... hotzikara eragiten diguten kantak jotzen ditugu, diren lekukoak direla. Baina gu euskaldunak gara.
Gite-Ipeseko jende zoragarriak leku bat egin digu euskal ijitooi. Kontuz ibili Durangoko azokara zoaztenok...