GARA > Idatzia > Euskal Herria

Neguari aurre egiteko Hotz Handia plana urte osora zabaldu nahi du Hollandek

Hotz handiko garaian eskuragarri ematen diren jantegi eta oheak urte osora zabaldu nahi ditu François Hollandek. Negu honetan 82 ohe izanen dira Baiona inguruan. Aterbe egonkorra ireki da Biarritzen.
p020_f01_148x96.jpg

GARA | BAIONA

Hotz Handia plana astelehenean jarri zen abian ate joka dugun negu gorriari aurre egin ahal izateko. Martxoaren 31ra bitarte, Baiona, Angelu eta Biarritzen 82 ohe eskainiko ditu guztira. Aurtengo berritasuna, gainera, Biarritzen larunbatean ireki zuten aterpe iraunkorra da, urte guztian zehar tokia eskainiko duena. Gizarte hotel izendapena duen aterpetxeak 30 ohe eskainiko ditu.

Estatu frantseseko presidente François Hollandek iragan urriaren 17an plazaratu zuen gutunak aldaketak ekarri beharko lituzke 2013an zehar egoera larrian diren pertsonak aterpetzeko politikan. Izan ere, gutun horretan neguan ematen diren ohe eta bazkari zerbitzuak urte osoan bermatzeko nahia agertu zuen presidenteak.

Aterpea hoteletan

Bestalde, karrikan bizi den jendearen beharrei aurre egiteko ezohiko neurria jarri berri du indarrean Pirinio Atlantikoetako prefekturak. Hala, etxerik ez duten herritarrak hoteletan aterpetzeko aukera bermatuko du, bereziki pertsona adinekoak, haurrak eta indarkeria sexista pairatu duten emakumeak.

Egitasmoaren aurkezpenean, argi azaldu zuen Lionel Beffre prefetak neurriaren xedea: «Baldintzarik gabeko aterpea ziurtatzea da berehalako nahia, baina egitasmoaren xedea harago doa, pertsona horiek birgizarteratzeko bidean jarri nahi baititugu».

Zerbitzuen arteko koordinazioa hobetzeko neurriak ere hartuko dituzte tokian tokiko informazio zehatza bilduz. Aldi berean, urtarriletik aurrera eragile ezberdinen artean egoeraren balantzea eginen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo