GARA > Idatzia > Kultura

Toño muro - Carlos ortiz | Balerdi balerdi taldeko ahotsa eta baxua

«Guri eta zale batzuei ilusio handia egiten digu Balerdi Balerdi itzultzeak»

90eko hamarkadan loraldia izan zuen taldeak berriro elkartzea erabaki eta disko berria atera du, betiko estilo anitzari eutsiz. Bost izatetik hiru izatera pasatu dira, baina gutxiago izateak ere ba omen du abantailarik, kontatu digutenez.

p051_f02.jpg

 
 

Gaur egungo musika panoraman konpetitzeko diskoa al da «Hego lautadaren ertzetik» (Gor) berria?

Toño Muro. Guri eta zale batzuei ilusio handia egiten digu Balerdi Balerdi itzultzeak, baina besterik ez. Zuzeneko emanaldiak ematen hasi ginen duela hiru urte, eta ondoren diskoa ateratzeko aukera izan genuen Musikorta estudioetan baldintza onenetan, eta erabaki genuen sortzen genituen kanta berriak grabatuko genituela. Ez dugu konpetitzeko inolako intentziorik.

Carlos Ortiz. Honela ikusten dira nola entzuten diren, estudioan grabatuta.

Laugarren disko honetan estiloz aldatu al duzue?

T.M. Estiloz ezin da aldatu. Powerpop egiten jarraitzen dugu.

C.O. Agian aurretik jorratu ez ditugun estilo batzuk ukitu ditugu, ska adibidez, kanturen batean. Baina Balerdiren ukitua badu.

T.M. Kanta batzuk folkaren ildotik doaz. Aurreko diskoetan ere bazegoen horren arrastorik, baina ez zen, agian, horren folkie kutsukoa. Nire ustez, beti oso espektro zabala izan dugu, gainera estilo bakar bati atsegin egitea ez da gure gustukoa, estilo desberdinak gustatzen zaizkigulako musikan eta horiek gure moduan lantzen saiatzen gara.

Bob Dylanen estiloa ere kontuan izan duzue abesti batean...

T.M. Aitortu behar dut: nire bizitza musikaleko estreinaldia izan zen Dylanen gaztelaniazko bertsioak egiten, oso gazte nintzela, emanaldi batean. Pello Lizarraldek hitz batzuk egin zituen garai batean eta horiek oinarrian izanik nik «In Dylan imitation» kanta egin nuen.

Marino eta Patxi Goñi, eta Blanca Izcue taldekide ohien falta sumatzen al duzue?

T.M. Bai, batez ere bost lagun izatetik hiru izatera pasatu garelako. Faltan hartzen ditugu batzuetan. Batzuetan (nabarmendu du txantxetan). Beste batzuetan erosoagoa da, liskar gutxiago ditugu. Carlosek beste talde bat du, eta 12 kide dira bertan.

C.O. Entseatzeko komeriak ditugu. Hiru izatean telefonoz gelditzen gara kontzertuen datak jartzeko, adibidez, ordutegiak errazago bateratzen direlako. Kantak egiterakoan ere errazagoa da, ez duzulako beste musika tresnetan pentsatzen ibili beharrik. Gainera, soinuak, hirukote moduan ere, badu bere zera.

Plazera edo lanbidea duzue musikagintza?

C.O. Oso garbi dago hori. Plazera. Beste lanbide bat dugu hirurok bizitzeko, eta hau egiten dugu gustuko dugulako eta musika behar dugulako.

T.M. Nik urte asko eman ditut taldeetan jo gabe baina beti izan dut harremana musikarekin. Musika saio bat egiten dugu Zara-k [Sergio Ibarrola bateria] eta biok Euskalerria Irratian aspalditik. N.B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo