boulderra | Jarduerak
Ander Mendieta, bolada bikaina muturreko blokeetan
Ander Mendietak erakutsi du oso sasoiko dagoela. Azkenaldiotan, besteak beste, Larraonan esku artean zuen xedea poltsikoratu du. «Alerta Kobra» du izena eta 8b/+ proposatu du. Araotzen, berriz, «Ekinez egina» (8b+) eta «Aupa Baiolegi» (8b/+) egin ditu.
Andoni ARABAOLAZA
Euskal Herria txikia dela datu objektiboa da. Hala ere, boulderrari dagokionez, ziur aski metro koadroko muturreko zailtasunean dabiltzan espezialista gehien dituena izan daiteke. Ander Mendieta datu hori indartzen duen protagonistetako bat dugu. Artista arrasatear hori gaztea dugu, 23 urte besterik ez ditu, baina argi asko erakutsi du zailtasun handiko blokeetan ondo baino hobeto moldatzen dela.
Orriotatik denbora luzea zeraman pasa gabe, baina hori ulertu ahal izateko, irakurleari aurreratu behar diogu min hartuta izan dela. Izan ere, tibia eta peronea apurtu zituen, eta sei hilabete geldirik izan da. Pasa den uda iritsi aurretik berriro martxan jarri zen, eta sasoia berreskuratzeaz gain, hamar izarretako poltsa ikaragarri ona erdietsi du.
GARAri adierazi dionez, poliki-poliki hasi zen sentsazioak hartzen: «Nahiz eta erabat osatu gabe egon, eskalatzen hasi nintzen. Gehienbat Targasonne, Albarracin, Araotz eta Larraonan jardun dut. Hasi bezain laster, Targasonnen, adibidez, egun bateko lanean 8a graduko lau bloke eta 8a+ zailtasuneko beste bat egin nituen. Neure buruarengan konfiantza berreskuratzen hasi nintzen».
Albarracinetik igaro ondoren, bere anaia Markelen «Laboratorixutik» pasa zen. Jakina, Araotzeko eremu horretan makina bat proposamen egiteke zituen; izan ere, urtebete lehenago Markelek zailtasun handiko makina bat bloke aurkeztu zituen.
Gazte fenomeno hau anaiak zabaldutako eta eginiko proposamenak poltsikoratzen hasi zen: «Aitortu behar dut anaiak egundoko lana egin duela Araotzen. Lekua oso ona da, eta bloke asko eta zailak zabaldu ditu. Orain busti egin da, eta pena da 8c inguruko pare bat proiektu baititut. Aitortu behar dut sasoiko hurbildu nintzela, besteak beste, bertako proposamen zailenak egin ditudalako. Soilik bat geratu zait zintzilik. Hori bai, nik beste bloke bat asmatu dut: `Pinza in extremis' izena jarri diot. Neu naiz hori poltsikoratu duen bakarra, eta uste dut 8a+ izan daitekeela. Blokearen izenak dioen bezala, bloke horren izaera nagusia pintza txikiak dira».
Aurreratu dugun bezala, Mendietak ia dena egin du Araotzeko kobazuloan, eta, muturreko zailtasunari dagokionez, bi azpimarratu behar ditugu: «Ekinez egina» (8b+) eta «Aupa Baiolegi» (8b/+). Biak ala biak Markel anaiak zabalduak eta lehen igoerak eginak, eta biek ala biek Ander dute lehen errepikapenaren sinatzaile. «Gogorrak dira, eta kosta egin zait. `Ekinez egina', adibidez, bi aste. Eta bestea, denbora gehiago», dio arrasatearrak.
Larraonako xedea
Aipatu ditugun bloke eremuetan goi mailako jarduerak egin baditu, azken bolada honetan Larraonan eginikoak ez dira atzean geratzen; ezta gutxiagorik ere. Udazkeneko beroak alde egin bezain laster, Mendieta buru-belarri hasi zen hango proiektu batzuetan. Markel anaiaren proiektu zahar bati ekin zion, eta, sasoia ondo aprobetxatu ondoren, bloke horren korapiloa askatzea lortu zuen. «Rocki violencia» du izena, orain hiru aste egin zuen eta 8a+/b zailtasuneko proposamena egin du.
Alabaina, hori ez da Mendietak Larraonan erdietsitako izar nagusia. Egin gabe zegoen beste proiektu bat izan da: «Berez, Josune Bereziartu eta Rikar Otegiren xede bat zen. Proiektu zaharra da, baina hilaren lehenean sinatu nuen. `Alerta Kobra' izena jarri diot, eta uste dut 8b/+ izan daitekeela. Zutik 8a/+ da. Soilik bost mugimendu ditu, guztiak ala guztiak erregeleta oso txikiak direnak. Azken mugimendua, esate baterako, zailena da. Erregeleta txiki batetik hatz bateko zulo txiki batera zoaz. Hori soilik 8a+ izan daiteke. Beste batzuek probatu dute baina ez dute egin. Oso egun bikaina egin zidan: eguzkitsua baina tenperatu ona; -1° eta 0° artean. Beraz, oso ukipen ona zegoen».
Hori da, oro har, azkenaldiotan Mendietak lortutakoa. Harrigarria da hain gazte izanik muturreko blokean nola moldatzen den. 8b+ graduko hainbat bloke ditu, baina, oharkabean pasa egiten da. Nahiz eta, min hartuta dagoen, arrasatearraren motibazioak lan ederra egitera eraman du. Gabonetan ebakuntza egin behar diote berriro: «Jarritako burdinak kendu behar dizkidate. Ondoren, berriro topera jartzeko kristoren gogoa dut».
Oñatiko kobazuloan «Ekinez egina» eta «Aupa Baiolegi» sinatu ditu. Bata 8b+ zailtasunekoa, eta bestea 8b/+.
Ander Mendieta oso bolada bikainean dago. Araotzen eta Larraonan, adibidez, muturreko zailtasuneko hainbat bloke egin ditu.
Ander Mendieta bezala, Ruben Diaz arestian aipatu dugun euskal blokeroen espezialista indartsuenetarikoa dugu. Arrasatearrak bezala, bilbotarrak ere 8b+ graduko hainbat proposamen egin ditu. Hegoafrikara eginiko bidaiatik, adibidez, «Paranormal activity»(bigarren errepikapena) eta «Gogoan» (berak zabaldu eta lehen igoera egin zuen) ekarri zituen. Biak, 8b+.
Ondoren, Suitzan egon da, baina, eguraldi traketsa dela medio, apenas izan duen bloke gogorrak probatzeko astirik. Hori bai, handik bueltan, Larraonan izan da, eta argi erakutsi du bidaia horretatik oso motibatua iritsi zela. Izan ere, «Sorginetxe» blokearen (8b+) lehen errepikapena sinatu du. Iker Pou izan zen lehena 2002. urtean, eta, beraz, hamar urte igaro behar izan dira bigarren igoera egiteko.
«Nahiz eta bi sesiotan lortu dudan, ziur aski inoiz egin dudan blokerik gogorrena izan da. Ez du inolako sekreturik, edo egiten duzu, edo ez zara lurretik altxa ere egiten. Oso fisikoa da, eta eskuak ondo itxi eta gorputzeko tentsioari eutsi behar diozu», dio Diazek. Andoni ARABAOLAZA
Larraonako xede zahar bati ekin ondoren, Mendietak lehen igoera erdietsi du. «Alerta Kobra» du izena: 8b/+ gradukoa.
Nahiz eta oso indartsu dabilen, Gabonetan ebakuntza egingo diote. Hala ere, osatu eta beste proiektu batzuekin gogor saiatuko da.