GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Taldean hobeto

 

Datorren larunbatean Euskal Herri osoko surflariak bilduko dira Zarautzen, edo gutxienez Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdikoak. Kantauri Surf Ligako azken saioa da eta bertan erabakiko da 2012ko talde irabazlea nor den.

Ez naiz txapelketa zalea, 16 urte nituela nazka-nazka eginda amaitu nuen txapelketekin. Ez nuen ondo pasatzen, batzuetan beldurtuta itsasoratzen nintzen eta uretatik kanpo nuen presioak gogaitzen ninduen.

Hamazortzi urterekin sorosle gisa lan egin eta lehen soldata jaso nuenean, garbi neukan, adio txapelketei. Garai hartan babesle nituen eta oraindik taldetik bota ez ninduten marka arduradunengana joan eta aurrerantzean nire materiala, nire kabuz eros nezakeela esan nien.

Orduz geroztik zenbait txapelketatan parte hartu izan dut eta parte hartzen jarraitzen dut. Txapelketa herrikoiak edo helburu jakin bat duen txapelketa mota maite dut. Alegia, txapelketa, biltzeko aitzakia bat denean maite dut, helburu baino, bitarteko denean.

Kantauri Surf Ligak Euskal Herri osoko surflariak biltzeko balio du. Euskal Herriko Surf Federazioa iristen ez den lekuetara iristen da, Iparraldera kasu, eta lehiaketa eredua ere interesgarria da, taldeka lehiatzen baita.

Surflari batek bere egunerokoan duen ohiko saio batekin antz handia duen eredua da. Ordu eta erdian surf egitera sartzen dira lehiakideak, lagun artean, eta dagokienean, koloredun likra jantzi eta hiru olatu hartzen ditu lehiakide bakoitzak. Bitartean, lagunek ere surf egiten jarraitzen dute.

Kontraesana dirudi, surfa bakarkako kirola baita, baina taldean surf egiteak badu bere xarma. Leku urrun eta bakartietan olatu ezin hobeak har ditzake surflariak, baina gozamena inorekin partekatzerik ez badago, beti dago hutsune moduko bat.

Norberaren balentriek lekukorik gabe ez dute deus balio, eta kontrakoa dioenak, bere zorionerako, oraindik ez du bakardadea bere horretan ezagutu.

Beraz, taldean hobeto, ezta? Datorren larunbatean ikusiko dugu elkar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo