GARA > Idatzia > Euskal Herria

Dendak kalera atera dituzte Donostiako Alde Zaharrean salmentei bultzada emateko

p016_f02.jpg

GARA | DONOSTIA

Donostiako Alde Zaharrak larunbat eguerdietan erakutsi ohi duen itxura hitz bakarrarekin deskriba daiteke: jendetza. Batzuek paseatzeko gurutzatzen dituzte kaleok, beste batzuek, aldiz, gehiengoak, tabernetan pote pare bat hartzeko; azkenik, badira ere larunbat goizak erosketak egiteko baliatzen dituztenak.

Larunbat honetan, bada, erosketak egiteko aukera biderkatu egin zen Donostiako Alde Zaharrean. Izan ere, eguraldi petrala nagusi izan bazen ere, jende andana gerturatu zen bai Bulebarrean egun osoan zehar egon zen azokara -gazta, loreak, eztia, gozoak, txistorra... denetatik eta oso ona izan zen salgai-, bai auzoko 70 dendek kalera atera zituzten postu txikietara.

Lehen aldiz egin zen ekimenean gogoz hartu zuten parte dendariek, Gabonen atarian salmentak handitzeko bultzada izan baitzen. Dendariak pozik, baina baita bezeroak ere; ikusmina piztu zuen ekimenak, eta, ikusteaz aparte, erosi ere erosi zuten askok. Negozio bakoitzak produktuak kalera atera zituen, prezioak merkatuta gainera; arropa, poltsak, gerrikoak, txokolatea, bonboiak... denetik izan zen salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo