GARA > Idatzia > Mundua

Montiren «haserreak» eragindako erabakiak Italia zalantzaz beteta utzi du

Mario Monti Italiako Gobernuko presidenteak Aurrekontu Orokorren Legea onartu bezain laster kargua utzi egingo duela iragarri izanak zalantzaz bete du Italia. «Saminduta eta haserre» hartu du erabakia agintean urtebete egin duen «teknokratak». Inork ez zuen espero.

GARA |

Zer gertatuko da datozen egunetan Italiako politikan? Eta arlo ekonomikoan? Zalantzak dira nagusi herrialdean eta dagoeneko hauteskunde kanpaina hasia dagoela esaten dute begiraleek. Alde batetik, Silvio Berlusconi lehen ministro ohia dago, joan den larunbatean berriz aurkezteko asmoa jakinarazi ostean, eta, bestetik, Pier Luigi Bersani zentro-ezkerreko hautagaia. Bi hautagai horien arteko borroka aurreikusten zuten atzo analistek.

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak berehala ikusi zion arriskua Montiren iragarpenari. «Hurrengo hauteskundeak ez daitezela izan Montiren Gobernuak hartutako ezinbesteko neurriak zalantzan ipintzeko aitzakia», esan zion Barrosok «Il Sole 24 ore» egunkariari. Politikari portugaldarrak argi utzi zuen berriz ere egungo krisitik ateratzeko orain arteko bideari eutsi beste erremediorik ez dagoela.

Ferrucio de Bortoli «Corriere della Sera» egunkariko zuzendariak idatzi du Berlusconiren alderdiak Montiri konfiantza kendu izanak eragin duela lehen ministroaren erabakia. Montik hobeto hartuko zukeen zentsura mozio baten bitartez kargua galdu izana De Bortoliren arabera.

Merkatuei begira

«Corriere della Sera»-ko zuzendariak erantsi du Berlusconi hauteskundeetara aurkeztuko dela jakiteak garrantzia izan duela erabakian, Monti «saminduta eta haserre» baita Berlusconiren erabakiarekin. Larunbata aukeratu zuen Montik bere iragarpena egiteko, egun horretan burtsa itxita baitago, eta, gaur egungo Europan, «merkatuak» baitira agintari gehienen erreferentzia nagusia. Gaur ikusiko da zer gertatzen den burtsan, baita zer gertatzen den arrisku sariarekin ere, 600 puntutik gertu ibili ondoren 300era jaitsi baitzen Mario Monti lehen ministro izendatu ondoren.

Otsaila

Noiz egingo dira hauteskundeak? Hedabideek aurreratu dute otsailean egin daitezkeela, Lazio, Lombardia eta Moliseko bozketekin batera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo