GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Herri kirolak | Aizkora

Apustua itxi du Olasagastik Etxeberria eta Larretxearekin

Igeldokoa bi nafarren aurka ariko da Donezteben martxoaren 24an.

p039_f01_097x132.jpg

GARA | DONEZTEBE

Bazkaloste baten bueltan irten zen apustu proposamena paper baten gainean jarri zuten atzo Doneztebeko taberna batean Joxemari Olasagasti eta bere kuadrillak eta Felix Eteberria eta Ohian Larretxea nafarren kuadrillak. Dezenteko ikusmina piztu zuen atzoko bilerak, eta, ordu eta erdi ingururen ostean, akordio batera heldu ziren azkenean alde guztiak, datorren urteko martxoaren 24an apustu handia jokatzeko. Atzo adostutakoaren arabera, alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu Donezteben bertan jokatuko den apustuan.

Hori bai, akordioa posible izateko, Joxemari Olasagastik hasieran zituen planak aldatu egin behar izan ditu. Sarri esan ohi da apustuaren ehuneko handi bat tabernan, akordioa paperera eramateko orduan, irabazi edo galtzen dela, eta atzokoan Olasagastik zerbait makurtu behar izan zuela esan daiteke.

Azken akordioaren arabera, apustua 20 kanaerdikora jokatuko da, enborrak erdibana eramanda. Igeldoko aizkolariak berak bakarrik ebaki beharko ditu enbor guztiak, eta, bikote nafarrak, berriz, bosnaka ebakiko ditu txandaka; hau da, lehenengo batek bost ebakiko ditu, eta, ostean, besteak, beste bost.

Dezenteko aldaketa

Akordio berriak dezenteko aldaketa dakar orain astebete inguru esandakoarekiko. Orduko hartan hitz egindakoaren arabera, egin beharreko lana lau oinbiko eta hamar kanaerdikokoa zen. Hasierako plan horretan, gainera, bikoteak ez zuen txandarik emango; hau da, bakoitzak jarraian ebaki behar zituen bere enborrak, bi oinbiko eta bost kanaerdiko jarraian.

Negoziaketak amaituta, Joxemari Olasagasti ez zen oso gustura agertu adostutakoarekin eta apustua aurrera ateratzeko lan handiak izango dituela onartu zuen. «Lehen hitz egindakoarekin ez ziren konformatzen eta horrela moldatu behar izan dugu apustuak aurrera egin zezan», azaldu zuen Euskadi Irratian.

Azken finean, egin beharreko lana nahikoa antzerakoa iruditzen zaio Igeldoko aizkolariari. Olasagastiren kalkuluen arabera 45 minutu inguru behar izango dituzte lanak amaitzeko, baina txandak emateko adostutako modua ez zaio egokiegia iruditzen. Bakarka aritu behar izanda, aurkariek hamarna enbor moztutakoan aldatzea nahi zuen, baina bikoteak onartu ez eta azkenean txandatzea bost enbor moztutakoan emango da.

Apustua Donezteben jokatzeak ere -arerioak ingurukoak dira-, ez du gehiegi konbentzitzen; berak nahiago zuen Tolosan, baina horretan ere amore eman behar izan du denbora gutxian jokatuko den hirugarren apustua ixteko -Irazu eta Zalduak eta Mindegia eta Saralegik ere elkarren artekoak adostuta dituzte datorren urterako-.

 

Emozio gutxi Gabonetako txapelketan

Larunbatean Bilboko La Esperanza pilotalekuan Egur Sport enpresak antolatutako Gabonetako Torneoaren lehen finalerdia jokatu zen eta bertan Jesus Mari Iruretagoiena eta Hodei Iruretagoienak nahikoa erraz lortu zuten finalerako sailkatzea harri-jasotzaileen artean. 125 kiloko harri errektangularra, pisu bereko zilindroa, 113 kiloko kubikoa, 100 kiloko zilindro zaharra eta beste hainbeste kiloko bola ziren bizkarreratu beharreko harriak eta Izetatarrek 111 altxaldi osatu zituzten. Inhar Urruzuno eta Josetxo Urrutia izan zituzten arerio, baina lehia gutxi izan zen Bilboko Alde Zaharrean, urrun, bederatzi altxaldira, geratu baitziren; hau da, 102 altxaldi eman zizkieten.

Aizkolarien arteko deman, emozio apur bat gehiago egon zen, nahiz eta Jesus Mari Mujikak ere ez zuen gehiegi sufritu beharrik izan. Bost era desberdinetara ebaki beharreko zazpi enbor izan zituzten eta irabazleak 13 minutu eta 12 segundo behar izan zituen bere lana burutzeko. Jose Angel Zubiagak, aldiz, ia minutu bat gehiago behar izan zuen lan bera egiteko; 14 minutu eta 13 segundo, hain zuzen ere. Bigarren finalerdiak datorren igandean jokatuko dira, Etxalarren. GARA

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo