GARA > Idatzia > Kultura

Miribillako kiroldegiak hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala larunbat honetan

Onintza Enbeitaren ustez, «finaleko argazkia historikoa» izango da, bertan parte hartuko duten bertsolarien erdiak emakumeak baitira. Jon Lopategik hartuko du irabazleari txapela janzteko ardura eta «ohorea».

p046_f02_149x93.jpg

Alvaro HILARIO| BILBO

Bilboko Miribillako kiroldegiak hartuko du Bizkaiko Bertsolari Txapelketaren finala, «berezia» eta «historikoa» izango dena, parte hartuko duten bertsolarien erdiak emakumeak direlako. Onintza Enbeita, Iratxe Ibarra, Miren Amuriza, Jone Uria, Fredi Paia, Etxahun Lekue, Arkaitz Estiballes eta Igor Elortzak osatzen dute finalean kantatuko duen zortzikotea.

Norgehiagokaren azken saioa 17.30ean hasiko da, eta txarteldegiak ordu eta erdi lehenago zabalduko dira. Nahi duenak aurretiaz ere eros dezakeela gogorazi zuen Bizkaiko Bertsozale Alkarteko Asier Ibaibarriagak. Txartelak honako webgunearen bidez eskuratu ahal izango dira: www.bertsosarrerak.eu. Miribillara joateko garraio publikoa erabiltzeko aholkua luzatu zuen Ibaibarriagak; Bilbobusen zein Renferen zerbitzuak daude, besteak beste. Jon Lopategi izango da irabazleari txapela janzteko arduraduna, berarentzat «ohore handi bat» dena.

Oso urte luzea

Bizkaiko txapela lau alditan jantzi duen Jon Lopategik bertsogintzan bere ibilbidea labur-labur kontatu eta gero, zortzi finalistek hitz egin zuten, banan-banan, finalera iristeko prozesua oso luzea izan dela nabarmenduz. «Bistan dago final inportante baten aurrean gaudela. Aspaldidanik daukagu buruan final hau», esan zuen Igor Elortzak. Berak Sopelan hasi zuen txapelketa, orain dela sei hilabete, horrek «nekatuta heltzeko arriskua» dakarrelarik.

Ildo beretik mintzo zen duela urte bi txapeldun izandako Arkaitz Estiballes, «urtea luze» egin zaiola onartu zuen arren, «topera» joango dela ziurtatu zuena.

Final «berezia»

Azken Txapelketako «arantza» kitatu gura duen Iratxe Ibarrak final «berezia» izango dela esan zuen, bertan lau emakume eta lau gizonezko egongo baitira.

Uste berekoa da Onintza Enbeita, «finaleko argazki historikoa» izango dela goraipatuz. Jone Uriak, bere aldetik, esan zuen «galtzeko askorik» ez daukala eta larunbateko «finalean disfrutatzea» duela helburu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo