GARA > Idatzia > Kultura

Emakume sortzaileak Donostian ikusgarri egitea du helburu hiru eguneko Feministaldia jaialdiak

Hasiera indartsua izango da gaurkoa, Marina Abramoivic artistaren inguruko dokumental baten Estatu mailako estreinaldia proiektatuko baitute. Larunbatean festa musikal batekin amaituko dute jaialdia.

p055_f01.jpg

GARA | DONOSTIA

Kultura feministaren jaialdia, Feministaldia, hasiko da gaur Donostian. Larunbatera arte iraungo du honen harira antolatu duten egitarauak, eta hiriko hiru txoko aukeratu dituzte jarduerak gauzatzeko. Ekintza horien berri eman zuten atzo antolatzaileek, Artelekun egindako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Plazandreok kolektiboko, Emakundeko eta Gipuzkoako Aldundiko hainbat ordezkari.

Leku ezberdinetatik eta modu ezberdinetatik esanahiak zabaldu, moduak kolokan jarri eta istorio berriak kontatzen dituzten emakume sortzaile eta ekintzaileak ikusgarri egin nahi ditu aurten zazpigarren urtez ospatzen den Feministaldiak.

Egunik indartsuena larunbata izango bada ere, gaur aparteko hasiera izango du jaialdiak, "The artist is present" dokumentala estreinatuko baita Estatu espainolean. Marina Abramoivic artistak New Yorkeko MOMA museoan egindako performance guztien atzera begirako moduan har dezakegu filma.

Bihar, 17.00etan, Bulebarrean poesia emanaldi berezi bat izango da, iragarri dutenez. Les Souffleurs Komando Poetikoak poemak xuxurlatuko dizkie oinezkoei, sekretuak balira bezala. Eguraldi txarra eginez gero Gipuzkoako Plazako arkupeetan izango da ekimen hori.

Larunbaterako, aldiz, goizetik iluntzera arteko egitaraua prestatu dute. 10.30etik 14.30era hainbat tailer egingo dituzte Artelekun; "Emakume publikoak, esparru publikoan komunikatzeko tresnak" (Irantzu Varela kazetariarekin) eta "Erotik 2016" (Nerea Sancho sexologoaren eskutik). Parte hartzeko ezinbestekoa da feministaldia@yahoo.es helbide elektronikoaren edo www.feministaldia.org webgunearen bidez izena ematea.

Arratsaldean, 16.00etatik aurrera zenbait proiektu feminista eta Itxaso Martinen "Ni, Vera" liburua aurkeztuko dituzte. 18.30etik 20.00etara Ainhoa Agirreazaldegik, Uxue Alberdik eta Aitzpea Leizaolak "Feminismoa eta bertsolaritza" solasaldia bideratuko dute. Amaitzeko 21.00etan Wha Wha Buga Band musika taldeak emanaldia eskainiko du, eta honen ostean Zoza disko jartzailea arituko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo