GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

SEMINARIO SOBRE RESOLUCIÓN DEL CONFLICTO EN BAIONA

Lekuan lekuko errezetak behar dira adituen ustez

Gatazken konponbidean aditu direnei hitza eman zitzaien atzo arratsaldeko mahai inguruan bake iraunkorra lortzeko ekarpenak egin zitzaten. Brian Currin, Raymond Kendall, Andy Carl eta Hans-Joachim Giessmann adituek hausnarketa interesgarriak utzi zituzten euskal bake prozesuan estatuek erakusten duten inplikazio ezaz, presoen hurbilketa eta askatasunaz, biktimez edota amnistiaz.

p003_f02_142x087.jpg

 

Brian CURRIN
Hegoafrikako abokatua eta Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kidea

«Sortzaileak izateko aukera daukazue hemen»

Brian Currinek gatazkaren konponbiderako alderdien artean, Iparraldean alde batetik eta Hegoaldean bestetik, sortutako mahaietan «aukera itzela» zegoela azpimarratu zuen atzoko mahai inguruari bukaera emateko. Presoen eta amnistiaren gaiari dagokionean, Currinek Irlandako adibidea jarri zuen. Formula guztiak gatazka guztietan ezin direla aplikatu gogoratu bazuen ere, presoen askatasuna eta amnistia ezberdindu eta banaka tratatu beharreko gaiak zirela esan zuen. «Irlandako eredua oso interesgarria da zentzu horretan. Legedia sortzailea sortu zuten eta presoak oso azkar askatu ahal izan zituzten amnistiarik izan gabe ere. Hemen ere presoak askatzeko juridikoki zer egin daitekeen aztertu behar duzue. Sortzaileak izateko aukera daukazue hemen», bukatu zuen.


Raymond KENDALL
Interpoleko idazkari nagusi ohia eta Nazioarteko Harremanetarako Taldeko kidea

«Goiz ala berandu gertatzen ari dena kontuan hartu beharko dute estatuek»

Raymond Kendallek, espainiar eta frantses estatuen jarrera aldarazteko zer egin daitekeen aztertzean, «goiz ala berandu» gertatzen ari dena kontuan hartu beharko dutela azpimarratu zuen. «Baikorra naiz. Gizakiaren naturan fedea daukat, eta horregatik uste dut jarrera aldaketa gertatuko dela. Hori bai, herritar guztien bultzadarekin lortuko dugu», azaldu zuen. Hiru urte daramatza jada Euskal Herrira etortzen Kendallek, eta prozesuaren konponbiderako ematen ari diren urratsak oso mantsoak iruditzen zaizkiola aitortu zuen: «Prozesuak bizkortu beharra du».

Hans-Joachim GIESSMANN
Berghof Fundazioko zuzendari
nagusia

«Prozesu honetan funtsezkoa izango da iraganeko zauriak sendatzea»

Europar Batasunak Bakearen Nobel saria lortu duenetik «adiskidetzea» bezalako hitzek sinesgarritasuna lortu dutela nabarmendu zuen Giessmannek. Estatu frantses eta espainolaren blokeoak blokeo, «gure sektorea Europan profesionalizatzen ari da» nabarmendu zuen. Gatazken konponbide prozesuetan oinarrituta, bultzatu beharreko hainbat puntu aipatu zituen: gizarte zatiketak indartzen dituzten «marka instituzionalak» kentzea, gertakariak ikusteko era egokitzea biktimak eta zauriak alde guztietan daudela onartuz, gerla irabazi dela esan ordez bakea irabaziko dela erratea, eta narrazioari denbora uztea aurkarien arteko adostasuna finkatu ahal izatea itxaroteko. Gizartearen inplikazioari begira, «iraganaren zauriak sendatzeko» aterabideak atzeman behar direla esan zuen. «Prozesu honentzat funtsezkoa izango da iraganeko zauriak sendatzea», bukatu zuen.


Andy CARL
Conciliation Resources erakundeko zuzendari nagusia

«Ezin daiteke gizarte zibila prozesu batetik kanpo utzi»

Andy Carlek estatuek parte hartzea ahalbidetzeko indarrak metatu behar direla azpimarratu zuen. Gizarte zibilaren eta herritarren parte hartzearekin lortuko den indar metaketarekin estatuak jarreraz aldatzera behartuta izango direla uste du. «Horretarako arriskuak hartu behar dira. Gauzak mugitzen hasten badira, egoera azkar alda daiteke», esan zuen. Indar metaketa hori nola egin daiteken aipatzerakoan, «mugiezina den testu bat» emanez ezin daitekeela egin azpimarratu zuen. «Gaiak mahai gainean jarri behar dira. Dena ezin daiteke hasieratik konpondu, baina gaiak planteatu egin behar dira. Ezin daiteke gizarte zibila prozesu batetik kanpo utzi», adierazi zuen. Aholku bat ere eman zuen: «Izan ahal bezain sortzaileak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo