GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Defentsarekin soilik ezinezkoa da

Joxemari ETXENAGUSIA | Pilotari ohia

Azken bi urteotako Aimar Olaizola ikusita, asko gara Goizuetakoaren aurkako antidotoa zein izan daitekeen galdetzen dugun pilotari eta pilotazaleak. Dena egiten du ondo, eta are gehiago kaiolaren barruan. Arerioaren dohainei begira jarri, eta, Oinatz Bengoetxeari erreparatuta, duen defentsa ikaragarria izan daiteke beste pilotariengatik bereizten duen ezaugarria. Hala ere, defentsarekin bakarrik Aimar Olaizolari irabaztea ezinezkoa da. Irabazi nahi badu, defentsan eta erasoan ibili beharko du ondo, eta, gainera, asmatu egin beharko du. Azkenaldian ikusitakoaren arabera, Oinazek bere %110ean ibili beharko luke eta Aimar ez dadila bere %75era iritsi. Txapelduna ezagututa, zaila dirudi horrek, baina, partida bakarrean, final batean, edozer gerta daiteke.

Dena dela, Leitzakoak ez dauka Aimarrek egiten duenaren zain egoterik. Orain sei edo zazpi urte izaten zituen bai, abantaila hartu eta arerioa eror zedin itxaroteagatik une txarrak pasatu behar izaten zituen finalak. Baina egoera guztiek eskatzen dutenera moldatzeko duen gaitasun txundigarri horri esker, orain eramaten den joko klasera ere moldatzen jakin du; askoz erasokorragoa da, sake-buelta bilatzen beste inork bezain ondo daki. Gasteizko lur azkar horrek ere, gainera, erasoko jokoa hobesten du, eta, alde horretatik, partida azkar eta bizia espero dut, baina ez dut uste frontoiak batari edo besteari mesede egiten dionik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo