GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Eskalada | Protagonista

Erretiroaren ondoren, oso gogor itzuli da Klem Loskot

Eskaladatik aldenduta egon eta gero, eskalatzaile austriarrak azken hiru urteotan 8a eta 8c zailtasun arteko 37 bloke berri zabaldu ditu Salzburgotik gertu. Horretaz gain, kirol eskaladan, 9a graduko pare bat proiektu kateatu berri ditu.

p042_f01_148x112.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Klem Loskot sona handiko eskalatzailea dugu. Berezia ere bai. Bai boulderrean bai kirol eskaladan beti muturreko zailtasunean ikusi dugu, eta, hori lortzen, oso kide gutxi ditu eskaladaren kolektiboak. Loskotentzat graduak garrantzia handia badu ere, sormen lanek ere erabateko lekua dute. Ondo baino hobeto uztartzen ditu bi eite horiek, eta hortik ateratzen den emaitzak zutabe egonkorra altxatzen du.

Beti lehen lerroan ikusi dugu eskalatzaile austriarra, baina azken urteotan agenda mediatikotik at izan dugu. Beraz, haren berririk ez dugu izan. Nolabaiteko erretiroa hartu zuen, besteak beste, motibazioaren termometroak behera egin zuelako. Beste aisialdi eta interes batzuk izan ditu tarteko, baina, jakina, eskaladak berriro deitu du Loskoten atea.

Hedabideei atea zabaldu bezain laster, ohartu gara azken urteotan lan eskerga izan duela. Jo eta su ibili da, baina, hori bai, zailtasun handiko blokeak zabaltzen eta lehen igoerak sinatzen.

Alabaina, albiste horiek zabaldu baino lehen, jardun gogor baten berri eman zigun. Duela hiruzpalau aste izan zen austriarrak adierazi zuenean «Zunami» blokearen (8c) errepikapena eta «Balkony project» bidearen (9a) lehen igoera egin zituela.

Bi jardun horiekin gustura zegoela azpimarratu zuen, baina are gusturago azken hiru urteotan Salzburgotik gertu zabaldu zituen blokeen zerrendarekin: «Guztira, 37 bloke berri zabaldu ditut. 8a eta 8c zailtasun artekoak dira, eta den-denak etxe alboan daude. Pareta txiki, blokeak, leizeak... horietan guztietan zabaldu ditut. Den-dena kareharria da, eta leku horietako batzuetan soilik bizpahiru bloke daude».

Proposamen berriak

Loskotek berak azpimarratu nahi izan du, blokeen zailtasunari baino hor ietan egin duen lanari garrantzi handiagoa ematen diola: «Finean, ukitu gabeko eremu batera joan eta sormen-lanari ekitea izan da. Hori da gehien betetzen nauena. Uste dut oso emaitza ona zein erakargarria atera zaidala. Eskalatzeko bloke onak dira eta estilo osoa dute».

Nahiz eta austriarrak lan hori azpimarratu nahi izan duen, den-denek proposamen berrien graduari buruz galdetu diote. Eta eskalatzailearen ustetan, gogorrena «Dessertfox» izan da: «Argi dut 8c dela. Olatu baten itxura duen murru batean dago. Bost metroan 45 graduko eroria du. Bi giltza ditu, eta blokea gainditu ahal izateko sei egun behar izan nituen. Proposamen horretaz gain, zailtasunean beste bi izar ditut: «Sword» (agian 8c) eta «Hammergart» (8b+ edo gehiago)».

Horixe da, beraz, Loskotek boulderreko kolektiboari eskaini nahi diona. 37 proposamen berri 8a eta 8c artekoak. Baina bloke berriak zabaldu eta igotzeaz gain, austriarra ere kirol eskaladan gogotsu ibili da. Arestian aipatu dugu, «Balkony project» bidearen (9a) lehen igoera egin zuela. Bada, duela egun gutxi «Rehabilitation» marraren (9a) lehena ere sinatu du. Biak ala biak etxe ondoan, Balkonyn.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo