Euskaraz idaztea debekatu diete preso politikoei Algecirasko espetxean
Algecirasen dauden euskal preso politikoek ezingo dute euskara erabili Gabonak zoriontzeko igortzen dituzten postaletan. Euskara erabiltzen badute postalak itzuliko dizkietela ohartarazi die espetxeko zuzendaritzak.
GARA | IRUÑEA
Algecirasko espetxeko zuzendaritzak Gabonak zoriontzeko postaletan euskara erabiltzea debekatua dagoela nabarmentzen duen gutuna igorri die euskal preso politikoei. «Zorionak eta urte berri on», «Eguberri on», «Urte berri, bizitza berri», «Errege magoen gutuna», «Badator Olentzero», «Gabon gau zoriontsua izan» edo «Gabon zahar zoriontsua izan» gisako esamoldeak baino ez ditu onartuko Algecirasko espetxeak euskal presoek igortzen dituzten postaletan. Gainontzeko guztia gazteleraz idatziko beharko dute halabeharrez presoek, bai behintzat espetxeak postalak itzultzea nahi ez badute.
Bitxia den beste esamolde bat ere onartzen du Algecirasko espetxeak: «Zortea Loteria zozketan». Estatu espainolak berak antolatzen duen zozketa aipatzea, euskaraz bada ere, ez du begi txarrez ikusten, antza.
Baldintzok azaltzen diren gutunean Algecirasko espetxeko zuzendaritzak berak dioenez, preso politikoek euren komunikazio postaletan dituzten murrizketak «arindu» egin dira Gabonak direla eta. Urtean zehar, astean bi gutun baino ezin dituzte bidali presoek. Abenduan eta urtarrileko lehen astean, berriz, gutun horiez gain bost postal ere bidal ditzakete. Dena den, murrizketa ugarirekin, ohikoa den bezala. Hala, presoek igortzen dituzten postalek hiru lerro izan ditzakete gehienez ere. Izan ere, «senideei edo lagunei Gabonak zoriontzea» da postalon «helburu bakarra», espetxeko zuzendaritzaren arabera. Hori dela eta, «letra gehiegi» dituzten postalak presoei itzuliko dizkiete. Horrekin batera, preso bakoitzak orotara bost postal baino gehiago ezingo dituela bidali nabarmendu nahi izan du espetxeko zuzendaritzak. Hortaz, kartazal batean postal bat baino gehiago sartzen badituzte, guztiak itzuliko dizkiete.
Argazkiak kendu dituzte
Bestalde, GARAri azaldu diotenez, hainbat ertzain Portugaleteko herriko tabernan sartu ziren atzo eta preso politikoen argazkiak eraman zituzten. Zerbitzariari eta herrikoan zegoen beste pertsona bati paper bat eman zieten poliziek. Bertan dionez, «terrorismoa goresteagatik» salatuko dituzte.
Atzokoa ez zen ertzainak Portugaleteko herriko tabernara joaten ziren lehen aldia. Ostegunean ere beste ertzain talde bat izan zen Portugaleteko herriko tabernan. Orduan, aldiz, ez zuten presoen argazkirik eraman, errepresaliatuen irudiei argazkiak atera bazizkieten ere. Horrekin batera, une horretan lanean zegoen zerbitzaria identifikatu zuten. Ostegunean bildutako informazioa «aztertu» ondoren, atzo itzuli ziren Portugaleteko herriko tabernara argazkiak kentzeko.