GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Kanturi Surf Liga 2012 Bigarren urtez jarraian Getariako Lonjan taldeak irabazi du txapela

Pasa den larunbatean amaitu zen Zarautzen udazkenean Euskal Herriko kostaldean zehar egin den Surf Liga. Iaz bezala, Getariako Lonjan taldeak eskuratu du sari nagusia. Gainontzeko probetan bezala, azken saioan ere giro aparta izan da protagonista.

p046_f04_235x108.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Pasa den larunbatean amaitu zen 2012ko Euskal Herriko Kantauri Surf Liga eta Getariako Lonjan taldeak irabazi zuen txapela. Liga hau iaz egin zen lehen aldiz eta iaz ere Lonjan taldea izan zen garaile.

Aurtengoan, talde gehiagok hartu du parte eta lehia bera ere gogorragoa izan da, iaz baina maila altuagoa izan baita. Hori bai, taldekako txapelketan ez da nahikoa taldekide onak izatearekin, talde ikuspegiarekin lehiatu behar da, eta hori, nagusiki bakarkakoa den kirol batean, ez da erraza izaten.

Hala eta guztiz ere, lehiakide guztiak ados ziren gauza batekin: halakoetan, bada lehia bera baina gauza garrantzitsuago bat, talde eta lehiakideen artean sortzen den giro ona, alegia. Itzuliko azken saioan ere, final batean izan daitekeen arerioen arteko tentsioa lausotu eta giro bikaina nagusitu zen.

Goizean, giro aparta zen lehorrean. Hego haizeari esker giroa epela zen Zarauzko malekoian. Hondartzan, «plaieroak» jokatzen ari ziren. Eskola desberdinetako ehunka haur baloien atzetik korrika zebiltzan, eta, futbol zelaien inguruan, haien gurasoak, ikusle gisa. Itsasoan, berriz, ez zen inor, soilik Kantauri Surf Ligako lehiakideak ikus zitezkeen apar handien aurka borrokan.

Itsasbeheran, olatu handiak jazo eta alde batetik bestera lehertzen ziren, indar handiz; beraz, lehiakide gehienek urertzean berriz altxatzen ziren olatu txikiagoak hartzea erabaki zuten. Donibane Lohizuneko lehiakideak izan ziren ausartenak, urautsia zeharkatzea lortu eta olatu handiak hartzen aritu ziren, epaile eta ikusleen gozamenerako. Lehiakide batek, tubo bat ere egin zuen eta irten bezain laster besoak jaso zituen, badaezpada, apar handiak irentsi baino lehen epaileek olatu bikoitza behar bezala puntua zezaten.

Goizean bi txanda izan ziren. Txanda bakoitzean hiru taldek itsasoratu behar zuten. Lehenik, Bakio Surf Taldea eta Lonjan taldea itsasoratu ziren; Bidarteko lehiakideak ez ziren agertu. Jarraian, Donibane Lohizuneko Artha taldea, Getxo Surf Taldea eta Zarauzko Baga taldea aritu ziren lehian, itsas baldintza gogorretan. Bi txanda horiek amaitu ostean, indarrak berreskuratzeko salda beroa eta txorizo gozoa banatu zuten antolatzaileek.

Lehiakideak zirenak eta ez zirenak, eltze beroen inguruan batu ziren; hala, inpresioak elkarrekin trukatzen jardun zuten askariak iraun zuen artean. Gero, atsedenalditxoa.

Arratsaldean oraindik olatuak handiegiak ziren hondartzan surf egiteko, baina mareak gora egin ahala eskuin olatu eder bat atera zen lehiaketa eremutik ez oso urrun, eta, denen artean hitz egin ondoren, azken txanda han egitea erabaki zuten.

Sekulako olatuak izan ziren azken txandan. Lehiakideek, akituak izan arren, geratzen zitzaizkien indarrak bi metroko eskuin olatu itzelak hartzen xahutu zituzten, surf saio bikain batekin gozatu ahal izan zuten, eta, haiekin batera, baita kanpoan, babesean, begira zeuden ikusleek ere. Gaua gainera erori arte iraun zuen ikuskizunak eta soilik uretan deus ikustea ezinezko zenean atera ziren azken surflariak uretatik.

Sari banaketa apala izan zen, oholtza, megafonia eta argirik gabekoa, izan ere, Zarauzko Udalak ezezkoa eman zien antolatzaileen eskaerei. Gurutze Gorriko talaiak atzealdean duen koskatxoa oholtza gisa hartuta, ahots ozenez zuzendu zitzaien Mikel Troitiño Euskal Herria Kirola taldeko kidea bertaratutako lehiakide eta ikusleei.

Egunean zehar ikusgai izan zituzten hiru sariak zeuden jokoan. Bakio Surf Taldeak, antolatzaile onenaren saria jaso zuen. Astebururo, hutsik egin gabe, egon behar zen lekuan egon eta Bakiora gerturatzen ziren arerioei, esku zabal, sekulako hamaiketakoak eta beharrezko azpiegitura eskaintzeagatik.

Bakio Surf Taldeko kideak kontent ziren oso. «Kantauri Ligako formatua egokia da giroa sortzeko», nabarmendu zuen Sergiok. Bere taldekideek ere antzeko hitzak zituzten; «lagunen artean surf egiteko aukera eskaini dit txapelketa honek», esan zuen Mariok, eta, Gontzal Mendiolak, berriz, «aurtengoa bigarren urtea izan da eta berriz ere giro itzela izan da».

Bigarren saria, Zarauzko Surf Eskolako Baga taldeak jaso zuen. Taldearen aniztasuna hartu zuten kontuan antolatzaileek, alegia, genero eta adin guztietako lehiakideak biltzeko gaitasuna.

«Gaurkoa egun polita izan da», zioen Eli Thomas Baga taldeko lehiakideak, «olatuak onak izan dira, apur bat handiak, baina dibertigarriak. Ez da beti horrela izaten, baina gaurkoan ederra izan da. Gainera, kanpoan ere giro aparta izan dugu, eta hamaiketako gozoa dastatzeko aukera ere izan dugu».

Eta azkenik, sari nagusia, Euskal Herriko lurraldea eta Kantauri Surf Ligaren logotipoa biltzen dituen egurrezko garaikur zoragarria irabazi zuten Ligako irabazleek. Iaz bezala, aurtengoan ere Getariako Lonjan taldeak eskuratu zuen txapela. Alex Gontan Lonjan taldeko bozeramaileak txapela eskuratzea iaz baina zailagoa izan zela aitortu zuen. Horrez gain, talde lanean ongi aritu ez balira txapelik ez luketela lortuko ere onartu zuen Gontanek.

Amaitzeko, Lonjan taldearen izaera deskribatu eta irabazteko taldeak duen osagai sekretua zein den esan zigun: «Urigoitia taldekideak dioen moduan, espartarrak gara, beti aurrera begiratu eta irabaztera goaz, nola edo hala».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo