GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari Ernegatua

Musu truk? Bai, noski

 

Orain dela ez asko, iragan oso hurbilean, alegia gazte nintzenean, borondatez egindako lana balore bat zen. Elkarteetan musu truk lanean ikusten genituen kideak miresten genituen. Deus jaso gabe, haien denbora eta gogoa besteenganako eskaintzen zuten, ordainetan jasotzen denak izenik ez duen jakitun. Eta eredu genituen haien bidea jarraitzen saiatu ginenok, nortzuk diren ere ez dakiten haiekin, betirako zorretan egon gintezkeela uste dut. Bizitzako gauza hoberenak «gauza» ez direla ikastea, edo bestela inolaz ere ulertzera iritsiko ez ginatekeen baloreak garatzeko gai izatea, ez da kasualitatea; sakrifizioa eskatzen du.

Egun, musu truk lan egitea tontoen gauza den ideia oso errotua dago, batez ere gaztetxoenen artean. Pena ematen dit, talde giroan, gogo pixka batekin lan egiten hasteak ireki ditzakeen preziorik gabeko ateak ixten baitituzte bat-batean.

Zarauzko Udalak ez du Kantauri Surf Ligako azken saioa babestu nahi izan. Antolatzaileek eskatutako lau metro karratuko oholtzatxoa eta mikrofonoz hitz egin ahal izateko musika ekipoa uzteari ezetza eman dio; ez omen dago dirurik. Iaz, alkatea sariak banatzera joatekoa zen. Ez zen agertu. Aurten, zerbait nahi izatekotan, antolatzaileek haien diruz ordaindu beharko dutela esan die udal kiroldegiko arduradun batek Surf Ligako antolatzaileei.

Munduko Surf Txapelketako proba bat bere herrian egiten dutenean marka babesleak diren antolatzaileengandik dirua jaso beharrean haiei behar duten guztia eskaintzen dien munduko udal bakarrak, herritarrek zerbait behar dutenean, haien dirutik ordaintzeko esaten die. Limosnak, miserableek eman eta jasotzen dituzte.

Behin, «El trabajo boluntario dignifica al hombre» zioen afixa erraldoi bat ikusi nuen Kubako errepide ertz batean. Esaldi hori ulertzen duenak, ez du limosnarik behar, ezta borondate oneko hitz hutsalik ere. Lanerako prest dauden bera bezalako beste zenbait kide aurkitzearekin nahikoa du.

Kanturi Surf Ligan parte hartu duten guztiek, haien onena eskaini dute. Lehiakideek izen-ematea ordaindu zuten, saririk izango ez zela jakin arren. Surf elkarteek haien dirutik ordaindutako hamaiketako gozoak eskaini dizkiete, haienera lehiatzera hurbildu direnei. Egurrean egindako sariak, maisulanak, hauek ere, surflari batek egin ditu, bere hondar aletxoa eskaini asmoz. Den-denek eskaini dute zerbait. Itxuraz, musu truk. «Itxuraz» diot, halakoetan, jendeak, «musu truk» irabazi materialekin lotzen duelako. Baina, bestelako baloreak badirela ikusi eta ikasi duenak, ez du asko behar; baldintza eskasenetan ere aurrera egiteko gai da.

Zorionak, beraz, Kantauri Surf Ligan modu batera edo bestera parte hartu duzuenoi. Zorionak, batez ere, aipatu baloreen garapenean, hainbeste jende bildu eta emaitzak partekatzeko gai izan zaretelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo