Dragatze lanen kontrako protesta egin dute Bilbon
GARA | BILBO
Getxoko kaiaren handitze lanak hastearekin batera, Bilboko Portu Agintaritzak Luzero muturraren inguruan 50 milioi metro kubiko harea eta itsas hondoko material erauzteari ateak ireki dizkiola salatu zuten atzo Bilbon egin zuten protestan. Portuko agintariek Abra kanpoaldeko itsas hondoak ez zituztela ukituko agindu bazuten ere, esleipen prozedura ireki dutela salatu zuten atzo Abra Bizirik taldeko kideek.
«Itsas adarrean eta bokalean egiten ari diren dragatze lan berriek naturguneak murriztu eta Abrari kalte egiten diote», salatu zuten. Korronteetan, olatuen altueran, Arrigunaga eta Ereaga hondartzetan, itsaspeko fauna eta landaredian zein arrantzan berehalako kalteak eragingo dituzte lan horiek Abra Bizirik taldeko kideek salatu dutenez.