GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Josebe Egia

Kargu hartze ostean zer

Kasu bat besterik ez da berea, Isabelena, baina kasu honi esker auzia Europara iritsi eta bertako Justizia Auzitegiak argi eta garbi hitz egin du: Espainiako pentsioen legeak lanaldi partzialeko langileak diskriminatzen ditu. Kontuan hartuta horien gehiengoa, Espainiako Estatuan %80 inguru, emakumeak direla, emakumea diskriminatzen du.

Izan ere, Isabelen inguruabar berberekin emakume asko dago. Lanean, baina familia bat bizkarrean. Sosak irabazi beharrean, baina baita bestelako behar batzuk egunero ase behar izanda, familiak eta etxeak inork ordaindu gabeko lana eta denbora eskatzen baitute. Egungo jendartean, hori guztia uztartzeko malabarista lanetan dabiltzan emakumeen kopurua ikaragarria da. Emakumeak dira gehienbat euren lanaldia murrizten dutenak, lana eta familia bat egiteko neurri desberdinei heltzen dietenak, euren lan-ibilbideari eta soldatari eraginda. Neurriok, teorian, guztion eskura daude, gizonek ere hel liezaiekete; kontua, ordea, teoriatik urrun dago oraindik, batetik, mentalitateen sakonean emakumearen esku uzten baita haurren heziketaren eta zaintzaren zatirik handiena, baita adinekoena ere, emakumeongandik hasita. Eta, bestetik, praktikotasunak agintzen duelako soldata handienari ezin zaiola uko egin, eta hori, gehien-gehienetan, gizonezko bikotekideak irabazten du, «soldata-arraila» deritzona ez baita kontzeptu hutsa, errealitate gordina baizik. Ondorioz, bi gehi bi lau, eta lan-munduko berdintasun ezak hor dirau.

Lan-mundu horretan jardunean egoteari utzitakoan, pentsioa jasotzeko orduan ere, diskriminazio gehiago. Izan ere, legea eskuan, lan egindako orduak besterik ez dira kontuan hartzen, ez kotizazio aldia, ez lan egindako egunak. Gurpil zoro horretan, Isabelek, adibidez, hogei urte inguru astean lau orduz lan egin ostean, ehun urtez egin beharko luke lan pentsio txiki baino txikiagoa -ziztrina ez esatearren- eduki ahal izateko, mendetxo bat lanean, aizue.

Horrela daude kontuak irizpide ekonomikoek gidatzen duten jendarte honetan, babestua dagoena are gehiago babestu eta kaltetua are gehiago kaltetzen duen sistema honetan. Oraingoan, baina, Europar Batasuneko kide izateaz horren harro dagoen Espainiako Estatuari kargu hartu dio bere mugez haragoko justizia banatzaileak. Jakina da Espainiak Europako auzitegiei men egiten diela, eta epaiak goraipatu eta lau haizetara zabaldu, bere interesen alde egiten dutenean, gustuko dituenean, alegia. Bestela, Europar Batasun kutunaren hitzari entzungor, harrokeria nazionalari bide eman ohi dio.

Ikusi behar nondik joko duen. Europako Justizia Auzitegiak esan dio bere legeak ukatu egiten diela lanaldi partzialeko langileei pentsioa izateko edozein aukera. Eta gogorarazi ere gogorarazi dio zeharkako diskriminazioa gertatzen dela neurri nazional batek gizon baino emakume kopuru askoz handiagoa kaltetzen duenean. Espainiako agintariek badute urte berrirako lanik, hortaz, milioika lagunen oraingo eta etorkizuneko ongizatea ez baita txantxa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo